Gaur 18:15ean Master Cup pilota txapelketak hartuko du Urduñako frontoia. Emakumezkoen proba honek lagunarteko partida izango du girotzeko. Yaiza Bonilla eta Ekiñe Otaola urduñarrak arituko dira horretan.
Aurrean Jone Goiri eta Ane Baraiazarra izango dituzte. Larrabetzuarrak Master Cupean lehiatu dira, baina duela bi aste kanporatu zituzten.
Ekhiñe Otaolak Aiaraldea hedabideari azaldu diotenez, urduñarrek pilotan jokatu zuten umeak zirenean, baina gero utzi zuten: "mutilen kontra jokatzen genuen eta, txikitan ezberdintasuna ez zen nabaritzen, baina nerabezaroa hastean mutilak indarra hartzen hasi ziren, eta nik ezin izan nuen jarraitu".
Aurten, ordea, pilotara itzuli dira biak, eta entrenatzeari ekin diote. Oraindik Master Cup Txapelketan aritzeko oso goiz zela uste bazuten ere, lagun arteko partida jokatzeari ez diote uko egin. Otaolak adierazi du horretarako prest badaudela: "Hau izango da elkarrekin jokatuko dugun lehenengo partida eta apur bat urduri gauden arren, saiatuko gara ahal dugun hoberen egiten".
Urduñako eta Larrabetzukoen arteko norgehiagoka bukatu eta gero, beste 12 bikote izango dira protagonista: Ainhoa Ruiz de Infante-Nora Mendizabalen, Nagore Aramendi-Ohiana Unanue, eta Amaia Zarrabeitia-Irati Ugalde alde batetik; eta Maddi Unanue-Naroa Agirre, Leire Galeano-Nagore Galeano eta Garazi Lasa-Laia Salsamendi bestetik.