Nola jaso duzue iazko kintoen lekukoa?
Maider: 2001 urtekoak nortzuk garen pentsatzen hasi ginen lehenbizi. Zaila da jakitea. Andra Mari ikastetxean badago guk ezagutzen ez dugu jende asko, eta batzuetan kintoak ospatzen dituzte, nahiz eta Urduñakoak ez izan. Elkarren artean harremanetan jarri ginen eta talde bat osatu genuen.
Zenbat pertsona zaudete taldean?
Jon: 42 pertsona gaude, Urduñakoak eta herri txikietakoak batuta. Azaroan hasi ginen bilerak egiten dena prestatzeko.
Zer egiteko asmoa duzue?
Maider: Otsailaren 4an hiru talde atera ginen abestera. Arrastariako taldea Aloria, Delika, Artomaña eta Tertangatik aritu zen abesten. Lendoñoko taldea Urduñan aritu zen lehenbizi, eta La Antigua eta Lendoñotik aritu ziren gero. Saratxoko taldea da hirugarrena.
Jon: Larunbat honetan, aldiz, jaia egingo dugu. Ohiko eskema jarraituko dugu.
Maider: Jaia aurrera ateratzeko diru asko behar da. Udalak 1.000 euro inguru ematen digu egitaraua osatzeko. Guk geuk gure poltsikotik jarri dugu dirua. Horregatik, jaia finantzatzeko bide bat da kantatzera ateratzea.
Ibilbide luzeko tradizioa da kintoena. Zuentzat zertan datza kintoa izateak?
Maider: Tradizio bat da, baina aldatuz joan dena. Gaur egungo jaia ez da garai batean zegoen berdina. Oso egun berezia da guretzat, ondo pasatzeko egina.
18 urte betetzear zaudete. Hemendik aurrera zuen adineko pertsonekin harremana mantentzen jarraituko duzuela uste duzue?
Maider: Nik uste baietz. Hemen bizitzen jarraituko dugu eta gehienok ez dugu kontaktua galduko.
Jon: Urduña oso herri txikia da eta ia denak ikusten gara.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!