“Estatu Batuetan beti izango naiz etorkina”

Aitor Aspuru Saez 2019ko mar. 15a, 07:02
Munduko hainbat tokitan bizi izan da Eugenio Garcia Lopez. / Aiaraldea.eus

EUGENIO GARCIA LOPEZ (Laudio, 1969) Urduñan bizi da orain, baina bere bizitza gehiena atzerrian eman du, gehienbat, Estatu Batuetan. Hala ere, Alemania, Holanda edota Italia ere ezagutu ditu.

Zure bizitzan hainbat lekutan bizi izan zara, ezta?

Laudio utzi nuen lehenengo aldiz 17 urterekin sagarrak jasotzeko Italian. Hurrengo urtean itzuli nintzen hara eta Europako herrialde gehiagotan ibili nintzen. 21 urte bete arte egon nintzen horrela. Intsumisioan nengoen sartuta garai horretan eta okupazio mugimenduko hainbat jenderekin egin nuen topo.

Euskaldunok ongi etorriak ginen etxe okupatuetan, egia esanda, hemengo egoera politikoa ezaguna baitzen. Milanen Mussolini urkatu zuten auzoan bizi izan nintzen, oso giro politikoa zegoen.

 

“Milanen bizi nintzen Mussolini urkatu zuten auzoan, oso giro politikoa zegoen”

 

Hortik abiatuta Italia osoko etxe okupatuak ezagutzeko aukera izan nuen, bai bisitan zein musikari moduan. Transiti, Leoncavallo, Roma, Florenzia... leku pilotan egon nintzen.

Berlinen ere egon nintzen, 2000 Dirty Squatter taldearekin jotzen. Berez, talde horretako kideak  Laudion ezagutu nituen eta Danimarkan eta Alemanian eurekin bira egitea eskaini zidaten. Une horretan Alemaniako batasun prozesua gertatzen ari zen.

 

Bi Alemanien artean, Berlinen, plaza handi bat zegoen. Etxe okupatuak zeuden eta hara joan nintzen bizitzera.

 

“Alemaniako batasun prozesua ezagutu nuen Berlinen”

 

Holandan lagunak egin nituen eta euren auzoa ezagutzeko aukera izan nuen. Amsterdamera jo nuen eta turistek egiten ez dituzten gauzak egin nituen han: liburu dendatan, jantoki okupatuetan, irratitan egon, adibidez. Etxebizitzen gabeziarekin arazo larria zuten eta Laudiora itzuli nintzenean Altzarrateko Skuatean sartu nintzen.

Mugimendu asanblearioa zegoen han eta jende nagusiagoa. Berlinen, Milanen eta Amsterdamen jasotako eskarmentua herrira begira jarri nuen.

Estatu Batuetan ere bizi izan naiz, nire bikotea hangoa zen eta. New Yorken egon ginen, Emma Goldman bizi izan zen auzoan, hain zuzen. 9 etxe okupatu zituzten bertan. Historia handiko auzoa zen; irlandarra, etorkinena, politikarekin harremana zuena eta istiluak poliziarekin arruntak ziren betidanik.

 

“New Yorken zein Amerika sakonean ibili izan naiz”

 

New Yorken baliatzen zuten antzinako lege bat -kolonizazio garaikoa- etxeak okupatzeko. Horrez gain, Lower East Siden langileek bazuten proiektu bat IHESA zuten pertsonak tratatzeko, baina pikutara joan zen. Azkenean, egitasmo horretan ibilitakoek hartu zituzten eraikinak eta egun legezkoak dira okupazio horiek.

Amerika sakonean -Mid Westen- ere bizi izan nintzen. Omahan, hain zuzen. Nire alabarekin bi urtez egon nintzen Nebraskan eta hori ezagutu ostean, Seattlera jo genuen. Grungearen garaia bukatuta zegoen jadanik.

Seattlen teknologiak garrantzia handia zuen, Microsoft eta Nintendo zeuden. Aldi berean, oso leku liberala da eta Beatniken eta hippien aztarna agerikoa da. Komunitateak laguntzeko prest zeuden, ospitale batzuekin, adibidez. Emakumeen eta homosexualen mugimenduak ere harrigarriak ziren.

 

“Emakumeen eta homosexualen borrokak harrigarriak ziren Seattlen”

 

Guretzat oso garrantzitsua izan zen, ze nahiz eta gu familia arrunta izan, gure lagunak askotan ziren emakumeak eta amak, bakarrik zeudenak edo elkartzen zirenak etxe okupatuetan.

2000 Dirty Squatters taldearekin ibili nintzen Estatu Batuetan berriro, han sartu nahi baitzuten, eta Kanadara joan ginen jotzera. Bira horretan lagun eta harreman berriak egin nituen eta oso baliagarriak izan ziren gero.

New Yorken bizi izan nintzen, ez bainuen argi jarraitu Estatu Batuetan jarraitu nahi nuen. Erabakitzen nuen bitartean Baltimore, San Francisco, Minneapolis, Filadelfia eta Boston ezagutu nituen. Betiere mugimendu autonomoan buru-belarri. Gogoekin geratu nintzen Detroit bisitatzeko.

Noiz itzuli zinen Euskal Herrira?

Itzuli nintzen lehen aldian nire alabak 3 urte zituen eta pare bat hilabete egon ginen. Gero 3 urtean behin etortzen nintzen. 2000. urtean 5 urte bete nituen New Yorken bizitzen eta Andoaingo neska bat ezagutu nuen, orduan erabaki nuen itzultzea hona.

 

“2000. urtean Estatu Batuak utzi eta eskualdera itzuli nintzen 5 urtez”

 

5 urtez bizi izan nintzen hemen. Emma, nire alaba, gurekin etorri zen, baita nire bikote ohia ere. Baina gero, osasun arazoak direla medio, Estatu Batuetara itzuli zen. Nire alabak ere hara jo zuen eta nik ospitalean egin nion bisita.

Orduan hasi nintzen arazoak izaten Estatu Batuetako migrazio legeekin, erresidentziarako baimena galdu bainuen. Epaiketara jo nuen eta bi urtez luzatu zen prozesua; New Yorken, Omahan eta azkenean Alaskara bidali nuen epaiketa, han irabazteko aukera gehiago nituen eta. Orduan mugitu nintzen Alaskara eta han ibili naiz 13 urtez.

 

“13 urtez egon naiz Alaskan”

 

Erresidentzia bertan behera uztea oso larria da Estatu Batuetan eta berdin zaie familia duzun edo ez. Asko borrokatu ostea, epaileak Alaskan itzuli zidan erresidentzia, hori bai, hemen nituen etxea eta autoa lapurtu zizkidaten.

Alaskan unibertsitatean eman nuen izena geografia digitala ikasteko. Berez, Alaskan egon nintzen 3 urtez arrantzatzen itsasontzi txiki batean Sitkanen, eta Ancoragen beste 3 urte. Gero beste 7 urte eman nituen trailer batzuetan bizitzen, hiritik 25 kilometrora, beste modu batean. Interneta, elektrizitatea eta gasa banuen, baina bizitza familiarra zen. Musika jotzen nuen etxean eta askotan semearekin komunikatzen nintzen gitarraren bitartez.

Euskal Herrira itzuli zara bertan dagoen giro politikoaren ondorioz?

Estatu Batuek historia oso interesgarria dute, borroka anarkistak edo sozialistak, eta hori ikertzeko eta ezagutzeko oso ondo dago. Gainera, gu hemendik beti egon gara hara begira: musika taldeak, politika, hedabideak... eta hori baloratzen dut.

 

“Amerikarrak kiskalita daude enpresa handien eta globalizazioaren ondorioz”

 

Baina amerikarrak kiskalita daude, enpresa handien, globalizazioaren eta merkatu librearen ondorioz. Horrek guztiak bestelako herria sortzeko aukerak erre ditu. Egia esanda, Estatu Batuetako bizitza oso burokratikoa da, elizan dituzun konexioak garrantzitsuak dira eta EAJren antolakuntza sistemarekin antza handia dauka, ez pentsa oso ezberdina denik: txokoak, klaseak...

Zentzu horretan, egungo egoerak larritzen nau nire lagunengatik, baina ez naiz itzuli horregatik, nik Estatu Batuetan denbora luze eman dut familiaren ondorioz.

Hala ere, nik uste dut zikloak betetzen ditugula eta azken 13 urteetan sumatu dut Reaganen ideietara itzultzen ari dela eskuina: populista, nazionalista, unibertsitateetan egiten ari direnaren aurkakoa... Dena bilakatu da ikuskizuna eta telebistak eta sare sozialek hori eragiten dute. 2001. urtera arte inperioaren kontrako mugimenduak gora egiten zuen (Mumia Abu Jamal, globalizazioa...). Mobilizazio handiak egon ziren.

 

“Kultura oso suntsikorra garatu dute Estatu Batuetan”

 

Orain, ordea, jende askok utzi du aktibismoa kontrol sozialerako neurriek bere fruituak eman dituztelako eta erakundeen eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen ereduak sendotu dira. Kultura oso suntsikorra garatu da eta drogek sekulako eragina dute. Obamaren garaian gaindosiek gora egin zuten, adibidez.

13 urteren ostean, etorkina izaten jarraitzen duzu Estatu Batuetan?

Bai, kultura kontua da. Gainera, hainbat lekutan egon ondoren, azentuak ditut. Nik uste dut beti izango naizela etorkina Estatu Batuetan. Esperientzia hori izan ostean, ezin duzu ahaztu zer den eta nik begi onez begiratzen ditut etorkinak horregatik. Etorkina izateak suposatzen dut normaltasun falta eta gainerako jendea baino segurtasun gutxiago izatea, bakarrik egotea...

 

“Amerikarren artean dago isolamenduaren ideia”

 

Trumpek hesia eraiki nahi izatea ez da ezustea izan. Han zaudenean entzuten dituzu horrelakoak. Berak osatu du bere programa errepublikarren eta demokraten zenbait ideiarekin, baina ez zait erreala iruditzen. Hesia egiteak bi herrialderen artean Estatu Batuak ahuldu ditzake. Amerikarren artean dago isolamenduaren ideia, askiak izatea eta munduko potentzia izateari uko egitea.

Edonola ere, argi dago Estatu Batuak ez daudela eginda etorkinentzat, hori utopia da, hemen bezala. Kulturartekotasuna gogoko dut eta mugen aurka nago, baina Estatu Batuetan eta Europan argi dago dirua eta kapitala duena moldatu daitekeela atzerrian, eta lan egitera beste herrialdera doanarentzat egoera bestelakoa dela. Pertsona horientzat oztopoak eta beldurra besterik ez dago.

 

“Estatu Batuak ez daude eginda etorkinentzat”

 

Hala eta guztiz ere, Europako eta Estatu Batuetako diskurtso politikoak oso ezberdinak dira, kontzeptu asko, berez, itzulpenean galtzen dira. Dena den, jendeak uste du Estatu Batuetan askoz hobe bizi direla, baina nik uste Estatu Espainiarraren egoera, Afrikako mugak alboan izanik, ez dela oso ezberdina, Californiarekin alderatzen badugu, adibidez.

Zure alaba hemen bizi izan zen zenbait urtez, uste duzu positiboa izan zela berarentzat?

Bai, zubi kulturala eraikitzea ahalbidetu diolako. Esaterako, bera Estatu Batuetara itzultzean joan zen bizitzera gazteleraz komunikatzen den komunitate handia duen hirira. Han kulturartekotasunak kutsu handia dauka. Emma hemengo eskolan egon zen familia eta adiskideekin eta oinez ibiltzen zen. Estatu Batuetan, ordea, denek hartzen dute autoa etengabe. Horrez gain, inoiz Estatu Batuetatik atera ez direnen aurreiritzi eta ezjakintasunari aurre egiteko balio izan diola uste dut.

 

“Hemen bizi izanak balio izan dio nire alabari zubi kulturalak eraikitzeko”

 

Aldi berean, hainbat ideia jarri dio hemengo egonaldiak eta ideia horiek gatazkatsuak dira hango pentsaerarekiko. 18 urterekin jadanik iritzi sendoak ditu, baina hango jende askok ukatzen ditu. Esaterako, Emma atera da, politikoki, errepublikarren eta demokraten arteko dikotomia horretatik. Hori asko da Estatu Batuetan, alderdi independenteei bozkatzeko gogoak galdu ez baditu ere.

Pentsatu behar dugu hemen, familietan, oso barneratuta dagoela alderdi ezberdinei bozkatzeko aukera, Estatu Batuetan, ordea, bi bozkatzen dira soilik.

Ivan, nire semeari dagokionez, gauza bera. Hona etorriz gero, harreman estuagoa izango du auzokideekin. Hori Emmari gertatu zitzaion eta aberastu zen eta Ivanek jarrera irekia dauka, nahiz eta hona ez den etorri. Nahiko nuke etortzea esperientzia hori izan dezan.

 

“Azken aldian beldurra eman dit Urduñara itzultzea, berriro zerotik hasi behar dudalako”

 

Azken aldi honetan beldurra eman dit Urduñara bueltatzea, berriro hasi behar dudalako zerotik. Estatu Batuetan erraza da, baina hemen ez. Jendeak pentsatuko du noraezean nabilela eta etorkinaren estigma eramango dut 5 urtez. Hala ere, nire bikoteak 57 urte ditu eta gaixotasuna dauka. Horregatik etorri naiz denborarekin nire semeak etortzeko aukera izan dezan nahi edo behar duenean.

Eta orain zein da zure asmoa Euskal Herrian?

Ba Orbeko Etxean hainbat tailer eta ekimen (serigrafia, bustingintza...) daude eta norberaren interesaren eta batzarren bitartez lan egiten dute, autogestioa baliatuta. Horri jarraipena eman nahi diot. Are gehiago orain, 50 urteko jende nahikoa mugitzen da han, aurretik konpromiso politikoa izan duena eta lan merkatuak, nolabait, alboratu dituenak.

Nik uste denbora hori betetzeko aukera dugula modu eraikitzailean. Ostegunetan “Cortocircuito” ekimena abiatu dugu, birziklatzeko, konponbideak bilatzeko eta automatekin eta makinariarekin izan ditugun esperientziak partekatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide