“Himalayako Ama Dablam gailurrera goaz, eskalada askodun 6.856 metroko mendi teknikora”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mar. 25a, 07:00
Aspalditik daramate aita-semeak mendiak elkarrekin igotzen.

TASIO MARTIN (Urduña, 2000) eta JOSEBA ELORRIETA (Basauri, 1964) aita semeak dira. “Gorbeitik Ama Dablam” espedizioa egingo dute apirilean.

Urduñatik Himalayara joango zarete aita-semeak. Nolatan?

Tasio: Ama Dablamera joango gara apirilaren 2an, hilabete eta erdirako. Maiatzaren 16an itzuliko gara.

Joseba: Lehenbizi trekking bat egingo dugu, aklimataziorako. Apirilaren 23an abiatuko gara akanpalekura. Gurekin Trekkinga egitera norbaitek etorri nahi badu, hiru bidaia plaza ditugu oraindik!

Everest inguruan egonak zarete?

Tasio: Aita behin baino gehiagotan egon da. 1995ean ama eta aita joan ziren lagun batzuekin, baina amak soilik egin zuen tontorra, aitari motxila erori zitzaion eta...

Joseba: (Barreak)  Sei mila metrotatik jaitsi behar izan nintzen! 2010ean hirurak joan ginen, Evereseteko treckinga egitera. 1995ean Cho Oyun egon nintzen, eta 1998an Everest iparraldean. 2010ean Tasio eta bikotearekin joan nintzen, berak 9 urte zituela. Trekkinga edonork egin lezake, ibiltzeko 4-6 orduko ohitura pixkat badu. Jubilatuak dira hara doazen gehienak denboraldia hastean: arabiarrak, australiarrak, estatubatuarrak... Hemen ez dago ohiturarik, baina beste toki askotan bai.

Zer nolako esanahia du abenturak, pertsonalki, zuentzat?

Tasio: Niretzat ez da mendi bat igotzea soilik. 2010ean egon nintzenean, itzuliko nintzela pentsatu nuen, baina ez nuen uste horren goiz izango zenik. 6.856 metro ditu. Aurrekoan Kala Pathhar igo genuen, 5.624 metrokoa.

Halako altuerek zelako ondorioak dituzte gorputzean?

Joseba: Oxigenoa da gure gasolina, horretan doa energia gehien. Gure funtzio guztiak oxigenoari esker dira: Sabelak, gibelak, bihotzak...oxigenoarekin funtzionatzen dute. Metroen arabera gorputza asko aldatzen da: buruko mina, ahulezia... 3.000 metrotik gora atmosferaren gasak aldatu egiten dira, eta horrek globulu gorriak handitzea dakar. Ondorioz, bihotz taupadak azkartu eta gogortzen dira, odolari gehiago kostatzen zaio mugitzea, eta guri ere. Izaeran, mugimenduan, erabaki uneetan... denean eragiten du. Egokitzapenaren lehen egunetan oso arraro sentitzen zara. Pazientzia izan behar da, pasa beharreko prozesua da.

Nolakoa izan da prestaketa prozesua?

Tasio: Ordenagailuan ordu asko sartu ditugu agentziarekin. Prestaketa fisikoarekin duela lau hilabete hasi ginen serio entrenatzen. Ingalaterran egon naizenez, bakoitzak korrika prestatu du oinarri zabala. Orain gauza espezifikoagoekin gabiltza: Txarlazora 15 kilo soinean birritan igotzen eta abar. Ama Dablamen maila teknikoaren antzekoak gauzatzen saiatuko gara orain, Pirinioetan ekintza luzeak garatuta. 5.500 metrotik gora, eskalatzeko harkaitza da nagusi Ama Dablamen. Hiru eguneko eskalada kalkulatu dugu.

Joseba: 4.500metrotik 6.800 metrora motxila 3 gau igarotzeko eramango dugu prest, baina espero dugu bi gau soilik ematea bidean akanpalekutik kanpo. Pisua, denbora oreka... dena kalkulatu behar da. Ura egiteko gasa eraman behar da, eguraldiak ere asko baldintzatzen du... Lau egun asko dira.

Zein izen jarri diozue espedizioari?

Joseba: “Gorbeitik Ama Dablamera”, bertan baitugu mendi aterpetxea. Mendia prozesu baten ondorioa izan da guretzat: txikitatik egin ditugu familian abenturak. 90ko hamarkadan Himalayan ibili ginen, Tasiok 9 urte zituela Alpeetan geunden, hilabete bat zuela Tasiok Piriniotan pasa zituen bere lehenbiziko oporrak. Laponian bizikletaz ibili ginen, kanoan ere... Mendia oso gustuko dugu denok, eta horregatik goaz familian Himalayara. Tasio oso gaztea da baina Euskadiko eskalada eta alpinismo selekzioan egona da, askori gustatuko litzaiguke horrelako curriculuma!

Tasio: Helburua Ama Dablam igotzea da, soka finkorik gabe. Apropos aukeratu dugu denboraldi hasiera data: komertzialak doazenean soka finkoekin osatzen dute bidea turisten erosotasunerako, sokatik jarraika igo daitezen. Gure plana ez da hori, mendiaz bere naturaltasunean gozatu nahi dugu.

Laguntzarik jaso al duzue antolakuntzari dagokionez?

Joseba: Deustuko lagun batek kamiseta logoztatu digu, eta Mendiko Lagunak elkarteak asko lagundu gaitu, Mendi astean proiekzioa eskaintzearen truke. Eskerrak eman nahi dizkiegu, diruaz gain babesa sentitzea polita da.

Tasio: Ikus-entzunezkoa osatu nahi dugu espedizioarekin. Ea beste mendi taldeek proiekzioak enkargatzen dizkiguten!

Ez da ohikoa familia espedizioa egitea.

Joseba: Seme-alabak izateak ez du zaletasunari uko egitea esan nahi.

Tasio: Ibilbide antzekoa egin dute nire amak eta aitak, gazte ezagutu baitziren. Baita nirekin ere. Ni jaio nintzenean motxilan joan nintzen mendira, bizikletaz aulkian, Frantzia eta Txekiako erreketan 10 egunez kanoan... Gaztetu ahala mendian eta eskaladan hasi ginen, geroz eta gauza teknikoagoak egiten.

Joseba: Niretzat oso aberasgarria da, bi aldiz egingo dut bide bera. Umea izan ostean, etxe inguruko mendiekin hasi ginen, eta berriro bukatuko dut Himalayan. Bizi bide berezia izan da. Umeak izan arren, edozein kirol edo abentura egin litekeela adierazteko modu bat da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide