Tasio Martin: "Argazkiak argazki, ikusi beharreko espektakulua da Himalaia"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko api. 25a, 09:04

Apirilaren 2an ekin zion "Gorbeia&Ama Dablam" espedizioari Tasio Martinek. Mendiko Lagunakek jakinarazi duenez, 27an aurreikusi dute tontorra zapaltzea. 

Ama Dablam igotzeko asmoarekin Himalaian daude Tasio Martin eta bere aita. Orain arte aklimatatzeko zeharkaldiak egin dituzte. Larunbatean espero dute zapaltzea 6.200 metroko gailurra. "Argazkiak argazki, lehen pertsonan ikusi beharreko espektakulua da Himalaia", adierazi du urduñarrak.

Bidaiaren lehenbiziko egunetan trekkingak burutu zituzten. Besteak beste, Nambchen (3.440m) igaro zuten gaua, 4.000 metrora igotzeko gero. "Oso berriztuta dago Namche, eta beti bezain atsegin", aitortu du Tasio Martinek. Eguraldiari dagokionez, ordea, ez dute baldintzarik onena topatu: "Elur asko dago. Hori dela eta, aklimatazio trekkina egokitu dugu, Renjo La ekiditu eta zuzenean Gokyora abiatuz".

Gorputza altuera garaietara moldatzeko, bost mila metro baino gehiagoko ibilbideak osatu dituzte orain arte: "Planetako begiratoki izugarrienetako bitara joan gara; Gokyo Rira (5.357m) eta Kala Pattharrera (5.550m)". Horrez gain, bi mendi-lepo zeharkatu dituzte: Cho La Pass (5.368m) eta Kongma La (5.535m).

Mendizale aiaraldearraren esanetan, baina, ez da bide erraza izan, "gaixorik igaro ditut zenbait egun". Ondorioz, ezin izan zituen Kala Patthar eta Kongma La tontorrak ukitu. Dena den, Chhukhung Ri (5.550m) gailurrera jotzea erabaki zuen bere burua proban jartzeko: "800 metroko desnibela ordu eta erdian igo nuen, beraz, ez nuen atzera egiteko aitzakiarik".

Astelehenean -apirilaren 22an- izan zuten aklimatatzeko azken erronka: Island Peak (6.189m). "Pangbochen deskantsatuko dugu pare bat egun, eta gero Ama Dablameko kanpo basera igoko gara. Ea eguraldiak hobera egiten duen datorren egunetan". Abenturaren nondik norakoak kontatzeko bloga sortu du Tasio Martinek. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide