La llave liburua plazaratu berri duzu. Zeren giltza izan nahi du?
Irakurtzen duenari sormenari ateak ireki nahi izan dizkiot, bizipenei, sentimenduei eta oroitzapenei.
Nondik datorkizu literaturarekiko zaletasuna edo lotura?
Betidanik. Asko gustatu izan zait poesia irakurtzea. Gazte nintzela poemak idazten nituen. Horietako batzuk nire sentimenduak jasotzeko ziren, emozioak edo ezinegonak. Beste batzuk, berriz, familia, lagun eta ezagunei eskainitakoak dira.
Idatzi duzun aurreneko liburua da? Nolakoa izan da sortze prozesua?
Liburuan jasoa dagoen guztia zegoen aurrez idatzia. Kontakizunak hainbat tailerretan eratutako 300 lan ingururen emaitza dira. Poemak urteetan zehar egindakoak dira. Hautaketa eta zuzenketa lana egin behar izan dut.
Ondoren, argitaletxeak zuzenketa ortografikokoa egin dit, eta estiloarena. Berriro ere atondu behar izan dut gero. Hau izan da lanik gogorrena, baina nire seme-alaben ezinbesteko laguntza jaso dut, Oier eta Usuerena. Euren lanek altxatu didate animoa askotan.
Urduñak ere presentzia du lanean?
Urduñako gertaera sozial eta erlijiosoetako askok osatu dituzte nire bertsoak. Erretiroa hartu nuenean -duela 10 urte- UNEDeko Idazketa Sortzailearen tailerrean eman nuen izena. Bertan, eta ondorengo saioetan ikasi dut kontakizunak egiten. Niretzat mundu ezaguna izan da, baina hainbeste eragin dit ezen eta orain ezin baitut ezer idatzi ipuinak kontatu gabe.
Nola laburtuko zenuke lana?
Sekulako esperientzia izan da, nire seme Erizek dioen bezala, auzolana egin dugu. Erizi egokitu zitzaion booktrailerrerako musika egitea. Abestia propioki osatu du nire libururako. Trailerra zoragarri geratu da. Azala eta marrazkiak, aldiz, nire neba Pedrorenak dira, ezin nezake bere ekarpena aipatu gabe utzi.
Zer kontatzen du istorioak? Nortzuk ditu protagonistak? Non girotua dago narrazioa?
Protagonista ugari daude. 46 kontakizun eta 45 poema dira. Istorioetako batzuk Urduñan girotuta daude, baina gehienak fikziozko tokietan gertatzen dira.
Margolana du azalak. Zer islatu nahi izan duzu?
Esan bezala, Pedro Egiluz nebak sortu du azala, margolaria eta artista baita. Berak esaten duenez, “zerbait ireki nahi duen giltza da”. Liburuak erakutsiko digun istorio multzoa da “zerbait” hori.
Autoekoizpenaren bidea hautatu duzu. Zer dela eta?
Zaila da editorialek nirea bezalako lanei arreta jartzea. Liburua nire seme Oierren oparia da, nire idazkiak ezagutzera ematea nahi baitzuen.
Non edo nola eskuratu liteke liburua?
Salmenta zuzena egingo dugu nagusiki. Horretarako nire familiarekin jarri beharko zarete harremanetan: nire senarrarekin, seme-alabekin edo nirekin.
Dena den, Arantza liburu dendan ere utziko ditut ale batzuk. 15 euro balio du aleak. Irakurleek gozatzea espero dut.
Aurrera begira, baduzu bestelako proiekturik esku artean?
Ez. Idazten eta ikasten jarraitu nahiko nuke.