Asteazkenean -maiatzak 15- irekiko zituzten Urduña Hiria erakusketa guneko ateak. Andra Mari plazan dago espazioa, Kultur Etxea zegoen tokian. Modu horretan emango diote amaiera duela ia urtebete abiatutako prozesuari. “Duela hamar hilabete hasi ginen museoa irekitzearen ideia garatzen”, azaldu du Aintzane Okeranzak, “Txetxu Lanbarrik bilduma izugarria zeukan ohe azpian gordeta, eta etxetik atera nahi zuen urduñar guztien eskura uzteko”.
Auzolanean
Erakusketa gunea Kultur Etxea zegoen eraikinean kokatuko zela zehaztu ostean ekin zioten espazio hori atontzeko lanak egiteari. Horretan eman dituzte azken hilabeteak. “Boluntarioki egin dugu lan guztia”, nabarmendu du Okeranzak, “hamabi pertsonako lan-taldea egon gara, baina herritar andana inplikatu da modu batean edo bestean: Elektrikariak, itzultzaileak... Hiriko aterpeko lagundu gabeko adingabeak ere aritu dira lanean. Eraikinaren barruko paretak margotu dituzte. Eurei ere eskerrak eman behar dizkiegu, ekarpen handia egin baitute”.
Lan guztiak auzolanean egin direnez, oso txikia izan da egitasmoaren kostu ekonomikoa. “Materialean baino ez dugu inbertitu. Espazio atondu eta bertan zeuden altzariak berrerabili ditugu, dirua aurrezteko”. Eginiko lanak gauza bat frogatzen duela uste du Okeranzak: “Dirurik gabe eta herriaren laguntzarekin gauza ederrak egin daitezkeela”.
Hainbat gelatan banatu dute erakusketa. “Urduñak antzina (duela 100-150 urte) izan zituen gremioak islatzea da museoaren helburu orokorra: zapatagintza, aulkigintza, zurgintza...”, azaldu du Txetxu Lanbarrik. Bizikleta eta motozikletei buruzko txoko bat ere jarri dute, baita Urduñako Musika Bandari buruzko eremua ere. “Musika bandak bizitako hiru garaiak bildu ditugu: 1828. urtekoa, 1907koa eta gerra ostekoa. Ez da gremio bat, baina garrantzi handia izan du hirian”.
Beheko solairuan, aldiz, zapatagintzari lotutako aretoa sortu dute. Manuel Murias zapatari oiha aritu da lan hori egiten, bere zapata tailerreko hainbat tresna baliatuta. Urduñako zapatagintzaren historia oso luzea dela kontatu du Muriasek. “Badaude 1400. urteko datuak, garai hartan hirian zapatariak zeudela eta gremio nahiko indartsua zela adierazten dutenak”. Erakusketan, baina, “zapatagintzak XX. Mendean izandako bilakaera ikusi ahal izango da batez ere. “Bi espazio daude: artisautzazko zapatagintzarena batetik eta 1950. urtetik aurrera eman zen garapena bestetik”, azaldu du artisau erretiratuak.
Udal liburutegia zegoen tokian, aldiz, fosil eta mineralei lotutako erakusketa zabala prestatu dute. Urduñaren bilakaera geologiko eta biologikoa ikusi daiteke bertan, historiaurretik gaur egun arte.
Txoko batzuk tintontzian utzi dituzte oraindik. “Joskintzari lotutako gela bat prestatzen gabiltza, baina momentuz ez dugu irekiko”, aurreratu du Lanbarrik, “baditugu momentuz libre dauden beste leku batzuk, etorkizunean ditugun material eta indarren arabera erabiliko ditugunak”.
Bisita gidatuak
Behin museoa irekita, bisita gidatuak eskaintzeari ekingo diote, asteburuetan. Zaloa eta Amaia Del Campo arduratuko dira horretaz. “Hitzordu bidezko bisitak egingo ditugu ostiral arratsaldetan, larunbat goiz eta arratsaldetan, eta igande goizetan”, azaldu dute, “boluntarioen laguntza izango dugu lehenbizi, euren eskuetan baitago erakusketaren bihotza”. Euren ustez, edonori zuzendutako museoa da Urduñan ireki berri dena, “jende orok topatuko du zer edo zer interesgarria”.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!