Puntako pilotariak elkartuko dira datorren astean Urduñan. Astelehenetik ostegunera egongo dira bainuetxean Baiko enpresako kirolariak, teknikariak eta langileak. Enpresak baieztatu duenez, helburua kirol programazioetatik urrundu eta atseden hartzea da. Hala, ekainaren 17tik 20ra izango dira Aiaraldean. Besteak beste, Oinaz Bengoetxea, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea bertaratuko dira.
Egun horietarako planteamenduez galdetuta, orotariko ekintzak izango dituztela aurreratu dute. Batetik, kirol medikuntzari buruzko hitzaldia. Eta, bestetik, Urduñako Pelotazale Elkarteko gazteekin "interakzio jardunaldia". Hain zuzen, ekainaren 19an hiriko pilotari gazteen botilero izango dira goi mailako kirolariak. Horrez gain, inguruko interesguneetara txangoak egingo dituzte. "Pilotariek spa eta gimnasioaz gozatzeko aukera ere izango dute", erantsi dute.
Hurrengo denboraldiko talde argazkia ere ateratzeko asmoa dute. Ekainaren 18an izango da hori. Asteazkenean, berriz, Urduñako gazteen binakako torneoan hartuko dute parte, "Baiko Pilotako kirolariak izango dira botileroak".
Asegarce izena Baiko Pilotagatik aldatu zuen enpresak iaz, Bainet Sport eta Custom Sport markekin batuta.