Makaldian izango dira jarduera guztiak eta Inazio Deunaren omenez ospatuko dituzte jaiak. 10:30ean piztuko dute suziria, eta segidan hasiko da patata tortilla txapelketa. Bien bitartean, bolatokian bola txapelketa egingo dute.
Eguerdian, berriz, meza, umeentzako tailerrak -aurpegi margotzea- eta trikitilariak izango dira nagusi. Horrez gain, luntxa eskainiko dute txosnan.
13:00etan izango da lehiaketa gastronomikoaren sari banaketa. Ez da, ordea, hori izango jaki eskaintza bakarra. Izan ere, 15:00etan herri bazkaria egongo da, 10 euroren truke. Menua aurreratu dute sare sozialetan: paella eta postrea, edaria barne.
Arratsalderako mus txapelketa antolatu dute, eta 18:00etatik aurrera gaztelu puzgarriak eta apar festa. Jai Batzordeak azaldu duenez, Eras de Polanco auzoko Txutxa omenduko dute aurten.