"Klimaren larritasuna" adierazteko mozioa sartu du Bitxobola taldeak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 5a, 14:33

Herenegun sartu zuten mozioa udaletxean. / Bitxobola

Urduñako talde ekologikoak klimaren egoeraren larritasunaz jabetzeko mozioa sartu du, erakunde publikoei esku hartzea eskatzeko. 

Urduñako Bitxobola talde ekologistak hiriak "larritasun klimatikoa" aldarrikatzea eskatu du. Mozioa sartu du horretarako udaletxean, eta iraileko osoko bilkuran eztabaidatuko da.

"Egitasmoa Espainiar estatuko herri ezberdinetan garatzen ari dira, aldaketa klimatikoaren larritasuna azaleratzeko", zehaztu du David Hosking taldeko kideak.

Modu horretan nahi dute instituzioek klimaren egoerari garrantzia ematea eta larritasuna adieraztea. "Ekinbideak proposatzeko hori da lehenbiziko pausoa", adierazi dio Aiaraldea hedabideari. 

Aliantza horien bidez erakundeek esku hartzea nahi dute. "Zenbait tokitan lurraldeko aliantzak egin dituzte. Bizkaian baditugu zenbait talde eta toki, lurralde potentea gara".

Funtsean, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Diputazioari bultzada eskatzeko tokiko instituzioak lerrokatzea nahi dute "klima larritasunaren adierazpenarekin".

Zehazki, Urduñako Udalak planetaren larritasuna aitortzea nahi dute, tenperatura igoera dela medio, miloi bat espezie baitaude giza jardueraren ondorioz arriskuan.

"Krisi ekologikoak milioika pertsonen heriotza eragin lezake, ama lurrak bizirauteko behar dituen zenbait espeziez gain; ekosistemen artean harreman handia Dago".

Udalari eskaera

Mozioaren bidez udalari zenbait eskakizun egingo dizkiete: negutegi efektudun gasen isurketa 2040 baino lehenago etetea, "eta posible bada 2035 aurretik"; bioaniztasuna mantentzeko konpromisoa eta energia berriztagarrien aldeko apustua, besteak beste.

Era berean, udaleko berrestauratze zerbitzuetan hornidura agroekologikoa erabiltzeko gonbita luzatuko diete, baita herritarrei deialdia helaraztea ere. Azkenik, guzti hori bermatzeko adierazle edo kontrol mekanismoak ezartzeko premia azaleratu dute mozioan.

2010ean sortu zen Urduñako talde ekologista eta urtero ekintza ezberdinak egiten dituzte. Hurrengoa urrian izango da, Hoskingek aurreratu duenez: "Sei hilero garbitzen dugu ibaia auzolanean. Laster dagokigu hurrengo garbiketa".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide