Urduña, Skate Street txapelketaren hiri

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 9a, 07:23
Hainbat proba egin beharko dituzte partaideek.

Euskal Herriko Skateboard txapelketa jokatuko da Urduñan irailaren 14an. Kaleko elementuak edo oztopoak gainditu beharko dituzte partaideek. Zita erabakiorra izango da, bertan itxiko baita Street modalitateko sailkapen orokorra.

Euskoriders 2019 Euskal Herriko Skateboard txapelketak Aiaraldea zapalduko du aurki. Hain zuzen, larunbatean izango da hitzordua, Urduñako skate pistetan. Euskal Herriko Federazioak antolatuta, arratsaldez arituko dira partaideak euren abileziak erakusten. 

Sei proba edo hitzordu izango ditu txapelketak orotara, eta laugarren saioa izango da Urduñakoa. Uztailean hasi zuten liga Muskizen.

Abuztuaren 31n, berriz, Bilbon izan zen bigarren norgehiagoka, eta Gasteizen hurrengoa. Park eta Street modalitateetan zentratuta dago ekimena, eta egunaren arabera bateko edo besteko erakustaldia egiten dute irristalariek.

Hain zuzen, Street-ean arituko dira zapatuko zitan. Gonzalez Irigoras Euskadiko Skate Federazioko Batzordeko lehendakariaren esanetan, 16:00etan hasiko da lehiaketa, baina 15:00etan izango da izen-ematea.

"Partaideek 10€ ordaindu beharko dituzte, federazioko kideak ez badira. Ez da beharrezkoa aurreko probetan parte hartzea, nahiz eta Openean eragin nabarmena izan horrek, egun bakarrean soilik arituta sailkapen orokorrean puntu gutxiago izango baitituzte lagun horiek", zehaztu du. 

Kaleko elementuak edota oztopoak gainditu beharko dituzte irristalariek: bankuak, barandak eta beste. "Euskal Herrian ez dago modalitate hau praktikatzeko horrenbeste parke, eta Urduñakoa egokia iruditu zitzaigun", adierazi dio Aiaraldea hedabideari. 

Zita erabakigarria
Urduñako proba erabakigarria izango da, lehendakariaren iritziz: "Street modalitateko azken proba da, eta beraz,  Open-eko rankinga bertan ebatsiko da".

Skateari dagokionez, bi modalitate olinpiko daudela zehaztu du: parka -arrapaletakoa eta pistetakoa- eta streeta, "kaleko elementuena".

Zirkuituko proben nolakotasunaz galdetuta, maila ezberdinak egongo direla aurreratu du: "16:00etan hasiko dira lehenbizikoak, eta 20:00ak aldera bukatzea aurreikusi dugu".

Izan ere, 30 lehiakidetik gora elkartu ohi dira, gazteak, batez ere.  Hala ere, haurrek ere egin nahi izan dituzte erakustaldiak: "5 urteko umeren bat edo beste ere ausartu da, baina adinaren bataz bestekoa 14-25 urte artean dago". Orain arteko kale zirkuituko etapetan 20-40 kide bertaratu dira, Federazioaren arabera.

Puntuak emateko orduan, teknikak agintzen du, lehendakariaren aburuz: "Ahalik eta akatsik gutxien egin beharko dituzte txandetan. Baloratzerako orduan elementuen luzera eta iraupena hartzen dira kontuan, besteak beste; eta bakoitzaren trukoak".

Kategoriaka bereizi ordez, Open edo ranking berean pilatzen dituzte lehiakide guztiak, "olinpiadak horrela izaten direlako". Alabaina, aitortza gisa, 16 urtetik beherakoen sailkapena osatzeko ohitura du federazioak, "motibazioan eragiteko".

Lehenbiziko Euskadiko zirkuitua
Irigorasek aitortu duenez, lehenbizikoz antolatu dute aurten federaziotik Euskadiko zirkuitua. "Hori dela eta, izen-emateko dirua segurura doa, nagusiki", argitu du ordezkariak.

Berez, oso herritar gutxi daude oraingoz federatuta. Hargatik, etorkizunean federazioko kideen lehia izatea nahiko lukete.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide