Kultura Etxeko fatxada itxuraldatuko dute, hiriko Porrilló margolariak diseinatutako margolanarekin

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 25a, 14:05
Porrillok diseinatutako lanaren irudia. / Urduñako Udala

Kultura etxeko fatxada modernizatuko dute, Jose Luis Abajo "Porrilló" margolari urduñarrak egindako diseinuarekin. Hilabeteren buruan bukatuko dira lanak.

Urduñako Kultura Etxeko fatxada margotzeari ekin dio udalak. Oraintsu hasi dituzte lanak. Itziar Biguri Ugarte alkateak Aiaraldea hedabideari azaldu dionez, hiriko artista batek berrituko ditu hormak, Jose Luis Abajo "Porrilló"-k: “Foru plazako arkupeetan ere osatu zuen margolana”. Urduñakoa izan arren, nazioartean ere aritutakoa da irudi egilea, “New Yorken ere erakusketak eginak ditu”.

Hala, Abajori esleitu diote Urduña Hiria Museoaren kanpoaldea itxuraldatzeko lana, eta hilabeteko tartean espero dute bukatzea. “Oso koloretsua izango da, modernoa”, aurreratu du alkateak. Ez da Urduñako guneak atontzeko azkenaldian egindako proiektu bakarra; Harakin kaleko horman hiriko iragana oroitarazteko murala osatu baitzuten.  

Margolari esanguratsua
Porrilló ezizenarekin sinatzen ditu urduñarrak haren sorkuntzak. Urteak daramatza langintzaren puntan, erakusketa ugari antolatu baititu 1974az geroztik. Japoniako Osakako XXVIII. Nazioarteko Gen Ten Erakusketan Bikaintasunaren  ziurtagiria jaso zuen, besteak beste; eta urtebete beranduago Ohorezko domina eman zioten jaialdi berean. Frantzian ere aurkeztu ditu bere lanak, Bordeauxen kasu.

Beste kontinenteetan ere utzi du arrastoa: 1997an New Yorkeko Montserrat Galerian izan zen, eta 1998an Mexikon egon ziren ikusgai bere sorkuntzak. Edozelan ere, margogintzan bezala, eskulturan ere aritu da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide