Urduñako Edadetuen Zentroko lorategian, umeak dira orain nagusi. Izan ere, Urduñako Udalak belaunaldien arteko harremanak sortzeko dinamika sustatu du. Finean, lorategiko zenbait gune eskoletako umeen baratz bilakatuko dituzte. Modu honetan, adin ezberdinetako bizilagunen arteko hartu-emanak indartuko dira. Irailaren amaieran ekin zioten proiektuari, instituzioak jakinarazi duenez. “Udal egoitza baratze ekologiko bihurtzeko proiektuaren bigarren fasea da”, zehaztu dute. Eremua egokitzearekin batera, helburu hezitzailea jarri diote jarduerari: “Herri Eskolako ikasleek ere parte hartuko dute, eta espazio hezitzailea izango da, belaunaldi arteko trukerako eta elkarbizitzarako”.
Ideia Ongizate Sailak proposatu zuen duela urtebete, garapen agroekologikorako Ekoizpen zerbitzuarekin elkarlanean. Ordukoan, lorategien birmoldaketa beharra azaleratu zuten, “permakulturan oinarritutako espazio natural aktibo eta ekologikoak egiteko”.
Belaunaldiartekotasuna sustatzeko erabaki zuten adinekoen egoitzako lorategiak baliatzea, gurpil aulkian dabiltzanentzako irisgarriak baitira. “Gainera, egoitzako erabiltzaile zein familiek landatutako espeziak ukitu, usaindu eta dastatu ahalko dituzte”, erantsi dute. Urduñako Udalak azaldu duenez, sei espazio atonduko dituzte material birziklatuarekin. Hala, Lehen Hezkuntzako maila bakoitzari gune bat egokituko zaio, “6 eta 12 urte arteko haurrei, alegia”. Bertan egingo dituzte hilean behin tailerrak, gai ezberdinak uztartuz, “Errefuxiatuen Gaia edota Arimen gaua, kasu. Horrez gain, lurra landu eta nekazaritzaz ere ikasiko dute”. Egoitzako edadetuek ere hartuko dute parte tailerretan, ikasleak lagunduko dituzte baratza zaintzerako orduan. Edozelan ere, urduñar guztiei luzatu diete modu boluntarioan parte hartzeko gonbita.
Ez da Urduñan tokiko produktuen eta agroekologiaren alde abiatutako ekimen bakarra. Udal sukaldeak, esaterako, eskola publikoaren jantokia hornitzen du, baita Edadetuen Zentrokoa ere.