“Amorru handia sortu digute Ekuadorreko albisteek, horregatik mobilizatu gara”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 27a, 10:00

Urduñan bizi da Maria Belen Castañeda. / Aiaraldea.eus

MARIA BELEN CASTAÑEDAk (Ekuador, 1984) elkarretaratzea antolatu zuen Urduñan iragan astean Ekuadorreko beste hainbat bizilagunekin batera, euren herrialdean bizi den egoera salatzeko.

Elkarretaratzea egin zuten iragan asteazkenean zuen herrialdeko egoera dela eta.

Greba egitea zen gure hasierako asmoa, baina baimenak eskatzeko denbora behar izan genuenez uste baino denbora gehiago behar izan genuen dena antolatzeko. Gauzak hala, plana aldatu genuen: elkarretaratzea deitu genuen, gure herrialdean borrokan egon den jende guztiari eskerrak emateko eta ministroaren, presidentearen eta jendea erasotzen aritu diren guztien jarrera salatzeko.

Heriotzak ere salatu nahi ditugu elkarretaratzearen bidez. Ez dago eskubiderik, jende orok izan behar du protestatzeko eskubidea. Nahikoa zela esan genuen, eta horregatik egin genuen elkarretaratzea. Urduñan egin genuen bertan ekuatoriar ugari bizi garelako. Egunero jarraitzen genituen Ekuadorretik zetozen albisteak. Nire familia eta lagunak Quiton zeuden eta audio mezuak bidaltzen zizkiguten bizi zuten egoera kontatzeko. Wifia ez zeukaten egunetan sare sozialen bidez eta nazioarteko albistegien bidez jasotzen genuen informazioa. Amorru handia sortzen zigun gertatzen ari zenak, eta horregatik egin genuen elkarretaratzea.  

Hau ez da izan egin den elkarretaratze bakarra. Hirietan ere egin dituzte mobilizazioak, hainbat herrialdetan.  

Orain egoera apur bat baretu dela dirudi.

Urriaren 30erako greba deitu dute Ekuadorren. Langileen greba dela esaten da, baina greba orokorra da berez, denok egiten dugulako lan, ez soilik mestizo edo afroamerikarrek. Horregatik, jende oro mobilizatuko dela uste dut.

Guk sare sozialen bidez jarraitzen dugu. Jendea atxilotzen eta kondenatzen ari dira orain, atxikitutako gazteei lau hilabeteko kartzela zigorrak ezarrita. Oso larria da hori, gazte horiek ikasten ari direlako eta kondena dela medio betirako izango dutelako “terrorismoaren” aurrekaria.

Horregatik, ez gara geldirik geratuko. Euren askatasuna eskatzen dugu, aurrekaririk ezarri gabe. CONAIEko eta mugimendu indigenako ordezkariak ere jazartzen ari dira.

Galtzada-harriekin kalteak eragitea leporatzen diete protestetan aritu zirenei, baina gobernuburuek ere kondenatu ditzatela, jendea erail baitute. Familiaburuak erail dituzte, gazte ugari daude larriki zaurituta, ospitalean oraindik. Pertsona nagusiak ere badaude, eta haur bat negar gasezko bonba baten ondorioz hil zen.  Gauza asko daude, baina nork ikusten ditu? Inork ere ez. Zigorgabe geratuko direla uste dugu. Ministroak dimititzea eta epaitua izatea eskatzen dugu, gauzak gaizki egin dituzten gobernuko gainontzeko kideekin batera. Horietako inork ez zuen pentsatu manifestariek familia edo seme-alabak zituztela, eta “gupida gabe” jokatzeko agindu zuten.

Soldatak gero eta baxuagoak dira. Gasolinaren eta gainontzeko produktuen prezioa, aldiz, gora doa. Pertsona guztiei eragiten die horrek, ez soilik indigenei. Ezarri nahi zituzten neurri ekonomikoak bertan behera utzi dituzte, baina beste batzuk plazaratuko dituzte. Oraindik ez dakigu ziur zer gertatuko den. Gauzak gaizki egiten jarraitzen badute berriro aterako gara kalera. Hau ez da horrela geratuko, ez dira zigorgabe aterako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide