"Nire pinturak Erdi Aroa eta gaurkotasuna bateratzen ditu"

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 3a, 07:00
Porrilló artista margotutako hormaren aurrean. / Aiaraldea.eus

JOSE LUIS ABAJO “PORRILLÓ” (Burgos, 1946) Urduñako erakusketa zentroaren fatxada margotzearen arduraduna izan da. Hiriaren Erdi Aroko estiloarekin haustura egiten duen pintura baten aldeko apustua egin du.

Zer dela eta hautatu zaituzte Urduña Hiria Erakusketa zentroaren fatxada margotzeko?

Udalak eraikuntza honetan zer edo zer egin nahi zuen, eta ea zer egin ahal zitekeen galdetu zidaten. Herriko lanbide tradizionalekin figurazio bat egitea proposatu zidaten: Zurgina, zapataria, pastelgilea... ea nola geratzen zen aztertu genuen estudioan, eta emaitza onik ez zuela ematen ikusi genuen. Hainbeste leiho eta elementurekin figurazioak kalitatea galtzen zuen.

Gainera, mota honetako figurazioak zaharkituta daude. Gauza modernoagoa egitea beharrezkoa zela pentsatu nuen, zirragarriagoa zen zerbait, garaikideagoa zena. Orduan, geometria mota hau egitea erabaki genuen, eta diseinatzaile grafiko batek egin zuen. Nik ideia bat eman eta zer motatako geometria nahi nuen esan nion, baina bera da honetan aditua.

Kontua da Udalari proiektua bere horretan aurkeztu geniola. Egia da ere guri asko kostatu zitzaigula koloreen entonazioa aukeratzea, baina jendeari mezu bat komunikatzea bilatu genuen. Haien buruei eraikuntzaren barruan zer dagoen galdetzea, alegia. Horrela, barruan dagoena ere erabat garrantzitsua dela ikusiko dute, eraikuntzan sartu eta sentsazio ona izatea. Erakusketan gauza benetan harrigarriak daude. Nik margotutakoa barruan dagoenaren atarikoa besterik ez da.

Fatxadan egindako margolanak herriaren estiloarekin apurtzen du erabat.

Bai. Gu planteamendu eta geometria bizantziarretan oinarritu gara gehienbat, eta Erdi Arokoetan ere bai. Kolore guzti hau testuinguru artistiko horren barnean dago. Egin duguna da hori gaurkotasun testuinguruan jartzea. Urduñan Erdi Aroko inguruan gaude, baina nire margolanak ez du enbarazu egiten. Urduñako giroarekin bat egiten du, Erdi Aroa eta gaurkotasuna bateratzen ditu.

Arte bizantziarra aipatu duzu inspirazio bezala. Izen konkreturik al duzu buruan?

Nik tendentzia asko ditut; margolari asko gustatzen zaizkit, inpresionistak batez ere. Errealismo magikoa, errealismo espainiarra eta abstraktua ere gustatzen zaizkit. Ez du izen zehatzik izan buruan. Denetatik hartu dut pixka bat nire pertsonalitate propioa bilatzeko.

Geometriatik aparte, gehien nabarmentzen dena kolorea da. Nola aukeratu duzue?

Aipatu bezala, asko kostatu zaigu kolore hauetara heltzea. Ez dago ia urdinik, ez dago gorri indartsurik. Kolore bero baina argiak dira, nahiz eta pastel izatera ez diren heltzen. Kolore hauen artean armonia bilatzea izan dugu helburu, pastela abiapuntu bezala erabiliz, baina indartuta. Ez dago kolore karrankaririk, horrek dena apurtuko bailuke. Urduñak dituen Erdi Aroko koloreen antzekoak dira, baina pastel tonalitate pixka bat handiagoarekin.

Nola gauzatu duzue proiektua?

Zonaldeetan banatu dugu. Kolore gama hasi aurretik erabat prest utzi genuen, eta gero zonaldeetan banatu dugu, eraikuntza osoa aldamioz ez inguratzearren. Horrela errazagoa da lanean gauden hirurontzako.

Margolana gauzatzerako orduan teknika berezirik erabili duzue?

Ez. Diseinatzaile grafikoak geometria egin eta hemen in situ margotu dugu, laukitu ostean. Estudioan hasieran egin zena gauzatu besterik ez dugu egin.

Zer motatako erantzuna jasotzen ari zarete jendearen partetik?

Entzuten ari garenagatik, jendeari gustatzen ari zaio. Udaleko zinegotziak biztanleei gustatuko ez zitzaienaren beldur ziren hasiera batean, ausardia bat baita. Hala ere, bilera nagusian sei zinegotzi zeuden alkatearekin eta lauri lehenengo unetik gustatu zitzaien; erreakzio hori ikusita zer edo zer ezberdina egiteko akordiora heldu ziren, eraikuntzaren mamia aldatuko zukeen zerbait. Guk kontzeptu lirikoa bilatu dugu, poztasunarekin lotua dagoena. Kolore hauek emozioak sortzen dituzte, baina benetako zirrara barruko erakusketa ikustea da, gauza benetan miragarriak daude: gure arbasoen aspaldiko kontzeptuak daude han.

Etorkizunari begira, zure margolan honek Urduñako beste eraikuntza batzuetan eragina izan ahalko duela uste duzu?

Ez dakit Urduñan. Baliteke haustura bat suertatzea eta beste edonon antzeko zerbait egitea. Hemen askatasun alternatiba ematen ari gara. Eraikuntzak, Erdi Arokoak edo duela berrehun urtekoak, eraldatu ahal direla, pinturek gauzak eraldatzen dituztela iradoki nahi dugu. Garrantzitsua dela uste dut. Lehen etxe gehienak antzeko eran margotzen ziren, eta hiria pobre geratzen zen. Nire ustez, garrantzitsua da koloreen arloan aurrera egitea, askatasun gehiago izatea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide