"Maratoian jartzen genituen indarrak lasterketa motzagoan jarrita, oso proba indartsua izan dezakegu"

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 4a, 11:30
Anartz Gonzalez da antolakuntza taldeko kideetako bat. / A.G

Urduñako Mendi Lasterketaren hirugarren edizioa antolatuko da azaroaren 10ean. Berrikuntza bezala, aurten ez da aurreko bi ekitaldietan izandako maratoia antolatuko, eta bi distantzia ezberdin izango dira soilik. ANARTZ GONZALEZ antolatzaileak lasterketaren nondik norakoak kontatu ditu elkarrizketan.

Mendi lasterketaren hirugarren edizioa da aurten, baina ez da maratoirik ospatuko. Zer dela eta?

Bai. Esan bezala, hirugarren edizioa da bakarrik, eta orain arte guztiak izan dira haien artean ezberdinak. Hala ere, aurreko urteetan ikasitakoarekin, probaren kalitatean salto bat eman nahi dugu aurten. Esaterako, pasa den urteko lasterketa ertaina orain nagusia izango da. Uste dugu, maratoian jartzen genituen indar guztiak lasterketa motzago batean jartzen baditugu, lasterketa oso indartsua egin dezakegula.

Hala ere, lasterketa laburra luzatu duzue (iaz laburrenak 12,5 km zituen, eta aurten 18). Zergatik zirkuituaren birmoldaketa hori?

Hiru lasterketa hiru ibilbiderekin antolatzeak arazoak sortzen zizkigun, batez ere lasterketan hainbatetan elkartzen zirelako; nahasmena sortzen zuen korrikalarien artean. Horregatik, aurtengo ibilbide laburrak nagusiaren lehenengo hamabi kilometroak eta azkenengo bost kilometro berberak egingo ditu.

Uda giroa egon da orain arte, baina badirudi eguraldi txarra datorrela. Nolako zirkuitua espero duzue?

Hostoak erortzen hasi dira eta eguraldi kaskarrak lokatza sortuko du. Horri daukagun ibilbide magikoa gehitzen badiogu, eszenatoki ezin hobea izango dugula uste dut.

Kirol mailari dagokionez, zer nolako ikuskizuna espero duzue aurten?

Pasa den urteekin alderatuta, aurten korrikalariak bi lasterketetan bakarrik arituko direnez, lehia estuagoa espero dugu.

Partaideen artean faboritorik?

Baditugu, bai, baina ikusi beharko dugu. Mendian edozer gerta liteke eta helmugaraino heldu beharra dago.

Zer nolako eragina izango du partaidetzan maratoia ez ospatzeak?

Oraindik goiz da edonolako baloraziorik egiteko, lasterketa ospatu ostean egin beharko ditugu. Hala ere, apustu handia izan zen maratoi batekin hastea, fruitu onak eman zizkigun; baina ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren.

Prezioaren harira, zenbat partaide behar dituzue lasterketaren errentagarritasuna bermatzeko?

Errentagarritasuna lortzeko formularik onena, partaideen gehienezko kopurua proba ospatu baino hilabete bat lehenago beteta izatea da, eta oraindik ez dugu lortu. Udalaren diru-laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke horrelako lasterketa bat antolatzea.

Aipatu bezala, hainbat eratan aldatu da lasterketa aurreko urteekin konparatuta. Datorren urterako planik duzue dagoeneko?

Aurten euskal mendi federazioaren rankingeko partaideak izango gara. Hau da, aurreko urteekin konparatuta ezberdina izango da proba eta, ondorioz, lasterketa amaitu ostean balorazioa egin eta erabakiak hartu beharko ditugu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide