[KRONIKA] “Musikaren hiria” mapan jartzen

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 11a, 09:00

Sobrino Sobrado taldeak jo zuen mahainguruaren ostean. Behean, artikuluan tartekatuta, La Depre eta La Mina Liborio taldeen argazkiak. / Aiaraldea.eus eta Chechu Mingo

Urduñan 80. hamarkadatik aurrera garatutako musika mugimendu oparoa izan zuten hizpide iragan urriaren 24an Alondegian eginiko mahainguruan.

80. eta 90. hamarkadak oso oparoak izan ziren Euskal Herrian musika sorkuntzari dagokionez. Urduña ez zen salbuespena izan. Musika talde andana eratu zen hirian bi hamarkada horietan, gerora mantendu den ondare kultural bat sortuaz.

Hori izan zuten hizpide iragan urriaren 24an Urduñako Alondegian antolatutako mahainguruan. Adratan elkarteak koordinatu zuen solasaldia, Liborio kolektiboarekin batera, Europako Ondare Jardunaldien barruan. “Guztiok dakigu Urduñan ondare musikal handia dagoela, tradizio handikoa”, azaldu zuten elkarteko kideek saioaren hasieran, “1561. urtekoa da lehen erreferentzia.Urte horretako dokumentu batean agertzen da danbolin-jotzailearen figura. Ez dago lehenagoko erreferentziarik, sute batek hiriko dokumentuak suntsitu zituelako”

.Urduñako musika bandaren bilakaera ere aipatu zuten Adrataneko kideek, hiriko abesbatzarekin eta musika erlijiosoaren presentziarekin batera. “Baina ezin dugu ahaztu gabe utzi egon den musika ludikoa, bakarlari eta taldeek sortua”, gaineratu zuten, “80. hamarkadaren erdialdean agertu zen musika hori. Aurretik zetozen dinamikekin apurtu zuen mugimendu hark, bide berri bat eraikiz”.



La Depre, "inflexio puntua"
Sarrera horren ostean eman zieten paso mahainguruko sei partaideei. Urduñako musikariak ziren seiak, hainbat belaunalditakoak. La Depre taldearen bideo bat proiektatu zuten lehenbizi, talde hura izan baitzen Urduñako musikagintzan "inflexio puntua" eragin zuena. Hiriko lehen punk taldea izan zela esan daiteke. Abesti azkarrak plazaratzen zituzten, Urduñari zein garaiko egoera sozial eta politikoari lotutako letra labur eta bortitzekin. "1984-1987. urteen artean aritu ziren jotzen", oroitu zuen taldeko kide izandako Javi Peña 'Toro'k.  Garai latzak izan zirela nabarmendu zuen musikariak: “Ez zegoen entseatzeko tokirik. 15 urte nituen jotzen hasi nintzenean, eta gainontzeko taldekideek ni baino 9 urte gehiago zituzten, zoramen hutsa zen”. Hiriko lehen punk jaialdiak ere garai horretan antolatu ziren. “Holanda eta Italiako jendea zetorren kontzertuak eskaintzera, Laudiotik igaro ostean".

La Depreren ostean talde segida luzea etorri zen. "La Mina Liborio izan zen horietako bat, La Depre baino apur bat xamurragoa zen", azaldu zuten solasaldian, "hortik aurrera 38 urtetan kontaezin ahala talde sortu dira, bakoitza bere izaera propioarekin”.

Bigarren belaunaldia
90. hamarkada ere oparoa izan zela nabarmendu zuten mahainguruan. Aratxu Oiarzabal Rebelion taldeko abeslaria zen, eta  Aduanan entseatzen zuten, eraikin hori oraindik berritu gabe zegoenean. “Ni mutilen talde batean jotzen hasi nintzen Laudioko skuatean, Ira zuen izena. Eraikin hura desalojatu zutenean Urduñara mugitu ginen, Aduanako lokaletara, eta horrela sortu zen Rebelion taldea, hainbat emakumeren artean". Garai hartan emakumezko erreferente gutxi  zeudela oroitu du Oiarzabalek, "atzerrikoak ziren gehienak, eskualdean ez zegoen bat bera ere ez. Ni heavya nintzen, eta nire taldekideak oso punkiak. Gure letrak oso erradikalak ziren".

Sobrino Sobrado, La Cabaña de Bixente, Kilkerrak... makina bat talde eratu ziren beranduago. 2006-2009. urteen artean loraldi berri bat jazo zen. "2006an gazte asanbladak merkatu plazako toki guztiak okupatu zituen eta gaztetxe bilakatu zuen eraikina", oroitu du Eriz Perezek, "entsegu lokalak egin ziren eta bi talde sortu ziren: Eskremento eta Vomitando al personal. La Depreren garaiko ispiritua mantentzen zuten biek".

Alex Del Campo nerabea zen garai hartan. "Nire  adineko guztiok entzuten genuen punka. 2013. urtean 30.06 taldea sortu genuen lagun batzuen artean, gero Etenik Ez etorri zen eta, amaitzeko, Voltium". Gitarra jotzen du Del Campok talde horretan, eta Javi Peña 'Toro' du bidelagun, baxuarekin. Urduñako lehen eta azken belaunaldiak, talde berean jotzen. “Ni gaztetan GBH entzuten nuen eta aurtengo Otxomaioetan eurekin jotzeko aukera izan dugu”, aipatu zuen Peñak solasaldian.

Gaur egungo egoera
Gaur egungo egoerari dagokionez, ikuspegi ezezkorragoa plazaratu zuten mahainguruko kide gehienek. "20 urtetik beherako gazteek ez dute rockaz ezer jakin nahi", ziurtatu zuen Aratxu Oiarzabalek. “Guk ate bati ostikoa eman behar izan genion jo ahal izateko, eta orain ez da halakorik egin behar, gehitu zuen Javi Peñak. “Garai hau da orain arte bizi izan dudan geldiena. Inoiz baino kontzertu gutxiago egiten dira eta inoiz baino jende gutxiago doa emanaldietara”, salatu zuen Kepa Calvok.

Eriz Perez, aldiz, baikorrago agertu zen: "“Salbuespenak daude. Urduñak oasis txiki bat izaten jarraitzen du. Udal igerilekuetako kontzertuen edo poteo musikatuaren harreraizugarria da oraindik".

"Musikaren hiriburua"
Gauzak hala, hiriko ondare musikala balioan jartzeko beharra nabarmendu zuten mahainguruan. “Askotan ez gara konturatzen hemen daukagunaz kanpoko batek esaten digun arte", nabarmendu zuen Iñigo Arrizabalagak, "Konpadres muertos talde mexikarreko kideak lehen aldiz etorri zirenean aipatu zuten hau 'musikaren hiria' dela, eta egiada. Nik behintzat ikasten jarraitzen du entsegu bakoitzean".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide