"Askatasuna nahi dugu, baina beti gaude zerbaiti lotuak"

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 24a, 07:00
Izaskun Del Cerrok pianoa jotzen du.

IZASKUN DEL CERROk (Urduña, 1977) "Piano taupadak" proiektuaren diskoa argitaratuko du abenduaren lehenengo astean. 225 kopia jarriko dira salmentan hasteko, eta kontzertuak ematen jarraituko du. Gainera, zunba klaseak ematen ditu bere eguneroko bizitzan: “Punta batetik bestera pasatzen naiz”.

Nolakoa da diskoa?

Zortzi abesti ditu diskoak guztira, eta denak dira instrumentalak. Horietatik, bik soilik daukate letra, beste bik pianoa bakarrik dute eta, geratzen direnak, hainbat kolaboraziorekin osatu ditut. Abesti batek bi saxofoi ditu, Iñaki Ria eta Iskander Vesga; beste batek biolin bat, Eki; hurrengoak akordeoi bat, Ramon Diaz; eta, azkenengoa, banda batek osatzen du, zortzi edo bederatzi instrumentu batera, Ainara Porres eta Xixo Yantaniren kolaborazioarekin.

Disko honetan zure aurreko estiloa mantendu duzu?

Bai. Abesti guztiak dira oso lasaiak; ez dakit ondo nola azaldu, baina soinu-banda baten antzekoa da. Abesti oso sentimentalak dira. “Piano taupadak” egin nuen lehenengo abestia izan zen, eta diskoan bi bertsiotan dago: Bata piano batekin soilik eta, bestea, banda oso batekin; instrumentu guztiekin eta swing estiloarekin, dantzatzeko modukoa. Baina bakarrik abesti hori dago dantzatzeko, besteak oso lasaiak dira.

 

"Abestietako bat alzheimerrari buruzkoa da, nire izekori egin nion"

 

YouTubera abesti diskoaren abesti berri bat igo duzu jada, migratzaileei buruzko letra daukana. Zein izan zen zure inspirazioa?

Errefuxiatuen gaiak betidanik hunkitu nau. Oso bidegabeko arazoa da, egia ez diren zurrumurru asko daude. Horretan pentsatzen egin nuen abestia. Izar eta Irati Mendigurenekin hitz egin nuen, abestiaren gaia kontatu eta migrazioari buruzko letra bat nahi nuela esan nien. Haiek letra idatzi eta Rubén Ladrón de Gebararekin hitz egin nuen, berarekin bideo bat egin nahi nuela esateko. Antzokiko kontzerturako prestatu nahi genuen.

Ondoren, Arrigorriagako gaztetxean dauden errefuxiatuekin hitz egin genuen, eta egin nahi genuena komentatu genien. Haiei oso ondo iruditu zitzaien, eta hondartza batera joan ginen bideoa egitera. Esperientzia pasada bat izan zen. Haientzat hunkigarria izan zen ere, beren historiak kontatu baitzizkiguten. Eta bideo hori atera zen, bai.

Zelako gaiak jorratzen dituzu beste zazpi abestietan?

Askatasuna sentitzeko beharra. Azkenean, beti gaude zerbaiti lotuak. Askatasuna nahi dugu, baina oso zaila da, beti dago zerbait. Bizitzaren borroka kontatzen dut. Beste hiru abesti oso sentimentalak dira, oso pertsonalak; niretzat oso bereziak dira. Beste bat alzheimerrari buruzkoa da, nire izekori egin nion. Bera orain dela hilabete bat hil zen, baina abestia egin nuenean ez zegoen oraindik hain txarto, ahal den neurrian. Musikak asko erlaxatzen zion, betidanik, eta berari egin nion abestia. Nor nintzen ni deitzen da.

 

"Pasada bat izan zen errefuxiatuekin bideoa egiteko esperientzia"

 

Zure musika dantza eszenikoaren bidez interpretatu duzue maiz. Disko osoa interpretatu ahal daiteke modu berberean?

Gertatzen bada, ondo; baina ez da lehentasunezko gauza bat. Lehenengo erronka jende aurrean jotzea izan zen. Beldur handia ematen zidan hasieran, sekulako beldur eszenikoa daukadalako. Zumbarekin ez, baina pianoarekin beldur handia dut.

Orain dela urtebete lehenengo kontzertua egin genuen, Urduñako taberna batean. Oso izututa nengoela gogoratzen dut; gainera, lau kanta propio bakarrik nituen. Besteak bertsioak ziren. Ez dakit zer gertatu zen, baina, bat-batean, abestiak konposatzen hasi nintzen. Oso azkarra izan da dena, eta ia nahi gabe. Eta, gero, Antzokian egin genuen azkena itzela izan zen, eta orain beste areto batzuetan jo nahi dugu. Ez da helburua, baina hemen gaudela ikusita...

Disko honetatik aparte, ba al daukazu jada ideia edo abesti berriren bat?

Ez, orain blokeatuta nago. Gustatuko litzaidake kontzertuetan jotzen ditudan bertsioak kentzea eta dena nirea izatea, baina abestiak egin ahal izateko gauzak sentitu behar ditut. Ezin naiz piano baten aurrean jarri eta abesti berri bat egin. Orain nire burua diskoan dago eta, urtarrilean edo, ikusiko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide