Iaz bertso saioa antolatu ez bazuen ere, Urduñako Gazte Asanbladak indartsu ekin dio aurten emanaldia prestatzeari eta bertsolari bikainak batuko ditu gaur: Alaia Martin, Julio Soto, Jon Maia, Oihana Bartra, Paula Amilburu eta Jokin Uranga, hain zuzen.
Gaztetxean izango da hitzordua 20:00etatik aurrera eta Unai Mendibilek beteko ditu gai-jartzailearen lanak.
Gazte Asanbladak nabarmendu du urte hauetan euskarak plaza berria lortu duela Gaztetxean. Izan ere, udalerrian antolatzen den bertso saio bakarra da hori eta, ondorioz, ezinbesteko erreferentea bihurtu da.
Halaber, antolatzaileek azpimarratu dute euren formularen gakoa dela giro ona sortzen dutela; urteko gaiei umorez eta modu kritikoan erreparatzen dietelako, esaterako.