Itxaropen Zikiña taldearen itzulera ekarriko du Gaztetxe Egunak, besteak beste

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urt. 16a, 07:00
2014an eskaini zuen Itxaropen Zikinak azken kontzertua. / Raul Olaya

Okher eta Dantzetan Jarrai taldeak ere arituko dira oholtza gainean. Frontenis eta pilota txapelketekin, “rally-poteoa”-rekin, bazkariarekin, mus txapelketarekin eta euskal karaokearekin osatu dute egitaraua.

Datorren larunbatean -urtarrilak 18- ospatuko da Urduñako Gaztetxe Eguna. Egun osoko egitaraua prestatu dute, hainbat ekintzarekin. Frontenis eta pilota txapelketak, “rally-poteoa”, bazkaria, mus txapelketa eta euskal karaokea egongo dira goizetik arratsaldera bitartean.

Gauean, aldiz, musikak hartuko du protagonismo osoa. Kontzertu berezi bat egongo da, Itxaropen Zikiña talde urduñarra oholtzara igoko da berriz, ia sei urte jo gabe egon ostean. Urduñako Gaztetxean eskaini zuten, hain zuzen, azken kontzertua, 2014an:

Taldekideetako bat atzerrira joan zen bizitzera eta horregatik utzi zioten jotzeari. Hala ere, oraindik ez dakite itzulera hau kontzertu bakarrerako edo emanaldi gehiagorako izango den. Gauzak hala, larunbatekoa izango da Urduñako taldearen punk doinu bortitzez gozatzeko egongo den aukera bakarra, momentuz.

Okher rap abeslari laudioarra eta Dantzetan Jarrai musika jartzaileak arduratuko dira gauari amaiera emateaz.

“Urduñako ahalik eta gazte gehien parte hartzea”. Hori da aurtengo Gaztetxe Egunarekin lortu nahi dutena. “Egindako jardueren inguruan hausnartu dugu eta herriko gazteekin harremanetan jarri gara txokoz txoko pasatzen, haien nahiak eta iradokizunak bilduz”, azaldu dute Urduñako Gazte Asanbladako kideek. Hainbat motatako jarduerekin hornitu dute larunbateko egitaraua, “gazteen artean dagoen aniztasuna” kontuan hartzeko eta eguna bera “ahalik eta jende gehiagorentzat erakargarria izateko”.



Asanblada, indartsu
Gazte Asanblada indartu nahi dute horrela. Azaldu dutenez, Gazte Asanbladan belaunaldi aldaketa egon behar zen duela urte batzuk, baina ez zen horrela izan. “Jende nagusia asanbladatik joan zen eta gazteen partaidetza nahikoa ez zen lortu. Taldearen indarra galtzea ekarri zuen horrek, ekintzak burutzeko gaitasuna ahulduz”, aitortu dute gazte eragileko kideek. Hala ere, gaineratu dutenez, errealitatea asko aldatu da orain, “ideia berriak” dituzten “gazte anitzek” osatzen dutelako asanblada. “Gainera, jendea berria izanda partaidetza indartuz joan da eta gogoz betetako asanblada eraiki dugu”.

Hurrengo geltokia: Gazte Eguna
Gaztetxe Eguna pasata, Gazte Egunari begira jarriko dira asanbladako kideak. “Ezinbestekoa ikusten dugu kuadrillen arteko elkarlanean indartze bat ematea. Horregatik, Gazte Egunaren antolaketa bera ere Urduñako edozein gazterentzako espazio natural izatea lortu nahiko genuke”.

Otxomaioetan ere eragin nahi dute. “Egitarau oparoago bat osatzea gustatuko litzaiguke, kuadrillek ere pisu berezi bat izan dezaten bertan urteetan egin diguten eskaerari erantzunez”. Txosnagunean aldaketak egitea aztertzen ari dira horretarako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide