Bihotzez elkartea diruz laguntzeko jaia egingo dute martxoaren 14an

Aitor Aspuru Saez 2020ko mar. 3a, 07:02
Travellin´Brothers`taldeak joko du, besteak beste. / Christophe Losberger

Bihotzez, sortzetiko kardiopatiak dituzten umeen alde lan egiten duen elkartearen jarduera babestu eta sustatzeko izango da jaia eta musika eta dantza baliatuko dute horretarako.

Beste behin ere, Bihotzez elkartearen aldeko ekimena antolatuko dute Urduñan. Izaskun del Cerro da bultzatzailea eta gogoratu du duela 5 urte hasi zirela egitasmoa egiten: "lehen edizioan 3.000 euro baino gehiago jaso genituen eta Gurutzetako ospitaleko 5. solairua apaindu zuten diru horrekin".

Martxoaren 14ko ospakizunean eskuratzen dituzten bitartekoak, ordea, bestelako egitasmora bideratuko dituzte. Izaskun del Cerrok iragarri du asmoa dela dirua baliatzea irakasleek trebakuntza jaso dezaten: "kardiopatiak dituzten umeek ikasteko zailtasunak dituzte ebakuntza baten ostean. Horregatik, lortzen den diruaren helburua da euren irakasleak trabatzea, lagungarriagoa izan dadin euren lana".

Foru plazako karpa hartuko dute neuropsikologia egitasmo hori sustatzeko. 17:30etatik aurrera Urduña, Amurrio, Areta eta Laudioko Zumba Txikiko taldeak igoko dira oholtzara begiraleen laguntzarekin, 19:00ak arte. Dantzaldian parte hartzeko 2 euro ordaindu beharko dira.

21:00etan musika kontzertuak hasiko dira. Luis Vil, Cuchillo Manteca, Okher eta DJ Funi eskualdeko taldeek joko dute. Gainera, Travellin´Brothersek ere joko du. "Talde horren kide baten semeak kardiopatia dauka eta elkarteko kidea da. Oro har, biran daude, baina ahalegina egin dute Urduñan aritzeko", azaldu du del Cerrok.

Dirua bildu ahal izateko txosna ere jarriko dute karpa barruan eta, azkenik, zozketa antolatuko dute. Elkarteko materiala erosteko aukera ere egongo da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide