Apolo 13tik J Balvin eta Rosaliara, Urduñako Txirrindularitza Elkarteak 50 urte bete ditu

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 29a, 07:00
Zuri-beltzetik Full HDra pasatu da Urduñako Txirrindularitza Elkartea. / Urduñako Txirrindularitza Elkartea

Elkartea sortu zenetik erabat aldatu da gizartea, eta txirrindularitza ez da aparte geratu: Altzairuzko bizikletetatik karbonoko koadroetara, Eddy Merckxetik Remco Evenepoelera eta irteera zikloturistetatik martxa ziklodeportiboetara pasatu da kirola.

Aldaketa askoko urtea izan zen 1970a: Muhammad Ali lehenengo aldiz erretiratu zen, The Beatlesak banandu ziren eta Janis Joplin hogeita zazpi urterekin hil zen. Entretenimenduaren eta kirolaren mundurako hainbat berri txarren artean (bide batez, iaz desagertu zen Berri Txarrak), Urduñako Txirrindularitza Elkartea sortu zen. Noski, ez zuen urte bereko apirilaren 11ko Apolo 13 espazio-ontziaren jaurtiketaren adinako oihartzunik izan, baina baliteke asteburuetako bizikleta irteeretan oraindik parte hartzen duten hogeita hamar pertsona horientzat askoz ere garrantzitsuagoa izatea.

Dena den, elkartea 1969an hasi zen sortzen. Urte horretan, hain zuzen ere, garaiko The Beatlesen liderra, John Lennon, Yoko Ono japoniarrarekin ezkondu zen Gibraltarren (Erresuma Batua). Ezkontzatik mila kilometro ingurura, Urduñako Txirrindularitza Elkartea sortzeko lehenengo bilerak antolatzen ari ziren hiri bizkaitarrean.

Orduñesaren urrezko aroa, hala ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadak izan ziren. Benard Hinaultek, Greg LeMondek eta Miguel Indurainek Frantziako Tourrak ia nahieran irabazten zituzten bitartean, elkarteko dozenaka kide ateratzen ziren herritik larunbat eta igandero goiza bizikleten gainean pasatzeko. Era berean, Euskal Herri osoko beste hainbat elkarterekin biltzen ziren sarritan “martxa intersozialetan” (txirrindularitza elkarteek antolatutako jendez beteriko irteera ez lehiakorrak).

Zikloturismoa da, nola ez, erreportaje hau egiteko elkarrizketatu nituen hiru kideen (Jose Luis Ibañez, Joseba Gurutze eta Javier Irabien) zaletasun nagusia. Irabienek, esaterako. Pau-Pau martxa nabarmendu zuen elkartearekin batera egindako guztien artean, eta asko izan dira. Ibilbidearen luzera zela eta, gauez hasi behar izan zuten proba, Pirinioetako Aubisque mendate handia goizeko ordu txikitan igota -beste motatako mendateak igo ohi dira goizeko ordu txikitan-. Kontua da Aubisque mendi garaia dela eta, mendi garaietan, nahiz eta uda izan, hotza egiten duela gauez. “Igotzean oso tenperatura epela egiten zuen, baina jaistean historia egiten duen izozte horietako batek harrapatu gintuen”. Noski, bere autoan gelditu zen eta arropa gehiago jantzi behar izan zuen urduñarrak, giroa pixka bat epeldu zen arte behintzat. 1987. urtearen inguruan izan zen hori. Antza, "beste garai batzuk ziren" klixea egia da batzuetan.

Gurutze, elkarrizketatuen artean gazteena, laurogeita hamargarren hamarkadan hasi zen bizikletaren munduan barrena. Hamarkadaren hasieran, Kurt Cobainek mundua saldu zuen gizona zelatatu baino pare bat urte lehenago, kadeteetan lehiatzen ari zen Gurutze: “Gazte pila bat ginen, eta zenbat eta gehiago izan orduan eta giro hobea genuen”. Jubeniletan ere ibili zen, baina “zegoena ikusi” eta gero, lehiakortasuna alde batera utzi eta zikloturismoan zentratu zen bizitzan lehendabizikoz.

Lehiakortasunik gabe bizikletan ibiltzeko grina horrek anekdota eman zien garai hartan urduñarrei, Zarauzen egindako intersozial batean. Kontua da bizikleta guztiak furgoneta batean zeramatzatela, hamasei guztira. Zarauzetik gertu dagoen gain batean aparkatu zuten furgoneta, bizikleta batzuk oraindik barruan zeudelarik. Eta Jose Luisek (zikloturistatik mitora pasatu zen egun hartan Jose Luis), altruismo estasi batean edo, egun osoan zehar furgoneta irekita uztea erabaki zuen, giltzak kontaktuan jarrita utzi zituelarik, noski.

Martxa egin zuten. Jose Luisek, antza, gizakiaren berariazko ongiarengan konfiantza osoa zuen, kezkarik gabe ibili zen goiz osoa. Ibilbidea bukatu ostean, nola ez, furgoneta alde eginda zegoen. Baina Jose Luisek ez zuen bere lasaitasuna galdu, biztanleei galdetzea erabaki zuen. Tamalez, inork ez zekien ezer. Bat-batean, hortik pasatzen zen polizia bati galdetzea erabaki zuen. Ditxosozko furgoneta non zegoen bazekien. Auto depositura eraman zutela esan zien, auto bat aparkatzea eta giltzak konektatuta daudela bakarrik uztea arauen kontrakoa omen baita. Bizikletak berreskuratu zituen elkarteak eta mila pezetetako izuna irabazi zuen Jose Luisek. Egun borobila izan zen.

Etorkizuna heldu zen
Baina mundua aldatu da. Pezetetatik Eurora pasatu gara, Mecano eta Queen entzutetik J Balvin eta Rosaliara, eta Heidi eta Marcoren inguruan hitz egitetik Satisfyerrera. Pinguk gaurkotasuna mantentzea lortu du nolabait. Txirrindularitzan ere antzekoak gertatu dira. Hegoaldeko europarren nagusitasun historikotik Kolonbiako eta Erresuma Batuko txirrindularien tiranotasunera pasatu da kirola. Bizikletan ibiltzeko modua ere erabat aldatu da, Urduñako hiru hizlarien arabera. Irteera zikloturistak, "martxa ziklodeportibo" bilakatu dira. Azken hauetako parte-hartzaileak, Irabienen arabera, “frustratuta dauden pertsonak dira; hogeita bost urterekin ezin zenuena egin, berrogeirekin are gutxiago”.

Elkartetik argi dute: “Hiru edo lau urte daramate bizikletan ibiltzen, baina ez dute talderik egiten, beste era batean funtzionatzen dute”. Dena den, badakite horrelako martxa lehiatuak kirolaren etorkizuna direla, baina “inork” ez duela antolakuntzan parte hartu nahi. Carlos Vivesek eta Shakirak txirrindularitzaren aldeko sekulako alegatua egin zuten 2016ko udan “La Bicicleta” abestiarekin. Horregatik, harritzekoa da martxak antolatzeko grina piztu ez izana (eta nola ahaztu Barranquillatik Bartzelonako pedalei eragindako itsas-ibilbidearekin amesten zuela Shakirak).

Baina bi reggaetonero kolonbiarrak ez dira ziklismoaren inguruko mega-hitetan aitzindari izan. Beste milaka gauzekin bezala, Queenek lehenago egin zuen, Bicyle Race abestiarekin. Argitu beharra dago, abesti honek txirrindularitzan lehiatzen direnen arteko kanpo-munduarekiko erabateko axolagabetasunari buruz hitz egiten duela, gehienbat. Nork daki egia ote den ala ez.

Eta lehiaketaren munduari jarraiki, Emakumeen Biraren aldeko apustua egin izan dute Orduñesan mende honetan zehar. 2006tik 2013ra lasterketako etapa bana antolatu zuten urtero. Gainera, probaren amaiera izan zen hiru urtez, eta Biraren historiako erlojupeko luzeena ere antolatu zuten. Berrogeita hamar urte hauetan burutu dituzten beste lehiaketen artean junior kategoriako proba nabarmentzen da, 70ko hamarkadan hasi baitzen. Berrogeita zortzigarren edizioa burutuko da aurten. “Nahiko onarpen handia” duen ziklokrosa ere egiten hasi ziren 2016an (zezen plaza barrutik pasatzen da zirkuitua; txirrindulariek txahalei postua kenduta). Bizikletek Urduña mende erdiz izan dute lagun.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide