MARIA ESPARZA OLABUENAGA

“Aldaketa handia izan da Bedarbidetik Araskira pasatzea”

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 22a, 10:00

MARIA ESPARZA OLABUENAGA (Urduña, 2004) Gasteizko Araski taldeko jokalaria da. Hainbat urtez Urduñako Bedarbide klubean aritu ostean, euskal ligan jokatu du amaitu berri den denboraldia.

Noiz hasi zinen saskibaloian jokatzen?

Gutxi gorabehera 7 urterekin. Eskolara etorri ziren izena emateko paperekin eta lagun guztiok bete genituen. Hori baino lehen etxeko kantxan jokatzen nuen, lehengusua eta osabarekin. Ondo pasatzen nuen eta ikusten nuen jokaldiak ateratzen zitzaizkidala. Bedarbiden egon nintzen 7 urtez jokatzen eta aurtengo denboraldian Araskirekin hasi naiz. 

Bedarbiden hasi zinenetik ikusi zenuen maila ona zenuela?

Ez, lantzen joan nintzen. Taldean entrenatzen nuen, baina baita nire kantxan eta lagunekin ere.

Nola adierazi zizun interesa Araskik?

Jokatu genuen Araskiren kontra Urduñan, frontoian, eta Araskiko koordinatzaileak hitz egin zuen nire entrenatzailearekin.Ez ninduten aurretik ezagutzen, uneko erabakia izan zen. Bedarbiderekin hitz egin nuen eta klubean esan zidaten nire mesederako izango zela Araskira joatea.  Pena izugarria sortu zidan Bedarbide uzteak. Nire lagunek hor jarraitzen dute eta han ikasi dut dena saskibaloiari buruz.  Gainera, Bedarbide Bizkaiko Ligan dagoenez eta Araski Euskal Ligan, ez dut euren aurka jokatu. 

Nolakoa izan da aldaketa Bedarbidetik Araskira?

Handia. Esan bezala, Bedarbiderekin Bizkaian jokatzen genuen bakarrik, baina Araskin Gipuzkoara edo Arabara ere jotzen dugu. Bidaiak aldatu dira. Taldekideak ez nituen ezagutzen, baina oso ondo hartu naute, baita entrenatzaileak ere. Hortaz, primeran. Nabaritzen da maila hobea dela. Ariketa berak egin arren, erritmoa askoz biziagoa da. Hala ere, bestelako esperientziak ere izan ditut, Arabako eta Euskadiko Selekzioen teknifikazio saioetan parte hartu baitut. 

 

“Final Four-a jokatu behar genuen Espainiako Txapelketara joateko, baina bertan behera geratu da” 

 

Nolakoa izan da zure lehen urtea Euskal Ligan?

Pentsatzen nuen okerragoa izango zela. Asko jokatu dut eta ondo nago. Uste nuen minutu gutxiago izango nituela. 

Zein da zure posizioa kantxan?

Hegalean jokatzen dut. Nire ezaugarririk nagusiena da ez dudala beldurrik, berdin zait arerioak ni baino handiagoak izatea. Jaurtiketa ere hobetu dut. Lehiakorra naiz. Araskin ez zidaten ezer zehatzik eskatu heldu nintzenean, esan zidaten ni izaten saiatzeko eta hobetzeko. Nik ere nabaritu dut hobetu dudala, aukera ugari eman didate eta. 

Zer gertatu da aurtengo denboraldiarekin?

Bukatu da. 3. postuan sailkatu gara eta Final Four-a jokatu behar genuen Espainiako Txapelketara joateko, baina bertan behera geratu da. Nik espero nuen irabaztea edo behintzat 2. geratzea hurrengo kanporaketarako sailkatzeko, hori baitzen gure helburua.

Hurrengo denboraldian Araskin jokatu nahiko zenuke?

Bai, baina oraindik ez didate proposatu, ez baitakite ezer. Hitz egin behar nuen entrenatzailearekin, baina denboraldi hau oso arraroa izan da. Ez dakit ezer.

Zuk uste duzu alarma egoerak zure garapenean eragina izan dezakeela?

Bai, sasoi fisikoa eta indarra galtzen dituzu ganoraz entrenatu gabe. Saia ninteke udan berriro hartzen, baina zaila izango da. Koronabirusaren larrialdia baino lehen 3 egunez astero entrenatzen genuen eta partida bat genuen. Teknika eta indarra lantzen genituen. Etxean Zoom bidez egin ditugu prestaketa saioak. Esaten didate zer egin edo planninga ematen digute. Oso arraroa da, baloirik gabe egin behar baitugu dena. 

Zein da zure asmoa etorkizunean saskibaloiari dagokionez?

Nik jokatzen jarraitu nahi dut eta goi mailara heltzea gogoko nuke, baina nire asmoa da jokatzen jarraitzea eta ondo pasatzea. Hori ezin dit inork kendu, herriko taldean jokatu ahal dut, gogoko dudana egiten jarraitzeko. Edonola ere, gaur egun Araskiko jokalariak, printzipioz, ez dira bizi kirolari esker.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide