“Orduña, la Memphis de Bizkaia” musika dokumentala abuzturako prest egotea espero du zuzendariak

Julen Solaun Martinez 2020ko mai. 27a, 12:00
Aurtengo otxomaioetako kontzertu baten irudia. / Aiaraldea.eus

Filma amaitzeko urduñarrei haien buruak musika jotzen grabatzera eta klipak bidaltzera animatu zituen duela zenbait aste Roberto Cuesta zinemagileak.

Bi urte daramatza Roberto Cuesta zinemagile bilbotarrak Urduñako musikaren inguruko Orduña, la Memphis de Bizkaia dokumentala egiten.

Horretarako, herrian 2018an eta 2019an eginiko hainbat kontzertu eta musikarekin zerikusia duten ekitaldiak grabatu ditu zuzendariak. Aurtengo Aste Santuan hartu ditu azken irudiak.

Tamalez, COVID-19ak sortutako osasun krisi larria dela medio, azken hilabeteetan programatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu ziren. Hortaz, haien buruak musika egiten grabatzeko eta klipak berari bidaltzeko eskatu zien zuzendariak urduñarrei, dokumentalaren “parte txiki bat” betetzeko asmoarekin.

Nahiz eta bideo asko jaso ez dituen, behar adina material duela aitortu du Cuestak. Hiriko txistulariek bideo bat bidali diote, adibidez.

Dokumental horrek 50 minutu inguruko luzera izango duela aurreikusi du zuzendariak, eta 2018an estreinatutako izen bereko dokumental motzaren jarraipena izango da.

Behin beharrezko material guztia izanda, muntaketa egiteko asmoa duela gehitu du zinemagileak, ekainean eta uztailean: “Abuztua hasi baino lehen prest izatea espero dut; hala ere, lan handia da, grabatutako material asko berrikusi beharra baitago”.

Behin amaituta, bere YouTube kanalera igoko du filma, Urduñako Udalari beste kopia bat emanda betiere. Pena merezi duela ikustekotan, lana dokumental lehiaketetara aurkezteko asmoa du Cuestak, Bilboko Zinebira kasu.

Grabaketa prozesua “zaila” izan dela adierazi du zinemagileak: “Ni fikziotik nator, film laburrak, publizitatea eta abar egitetik. Fikzioan kontatu nahi duzuna kameraren aurrean jartzen duzu. Hau da dokumentalaren aurrean jarri naizen lehenengo aldia”.

Bere ustez, dokumental batean ezin da beti “nahi duzuna” grabatu. "Askotan, zerbait gertatzean, kamera ez dago edo ez da norabide horretan grabatzen ari".

Behin materiala izanda, filma muntaketaren bidez osatzen dela uste du Cuestak. “Momentu horretan, grabatu dituzun gauza berri asko ikusten dituzu, momentuan ikusten ez dituzunak”, gehitu du. Beraz, nahiko prozesu esperimentala delakoan dago zinemagilea, baina “interesgarria, sormena bultzatzeko aproposa”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide