Espainiako Tolkien Elkarteak Urduñan egingo du aurtengo topaketa. Gainera, taldearen 25. urteurrena ospatuko dute bertan. COVID-19ak galarazten ez badu, urriaren 9a eta 12a bitartean egingo da ekitaldia.
Patricia Moreno antolatzaileak adierazi duenez, Espainia Estatu osoko 150 pertsona baino gehiago biltzea espero dute, adin guztietakoak. Hala ere, “duela 25 urte topaketak antolatzen hasi zirenak nagusi bilakatu dira jada”, eta 40 eta 60 urteko adin-tartea da ugariena.
Morenoren hitzetan,Bartzelonako eta Madrilgo partaideak izango dira gehienak, Tolkienen jarraitzaileen komunitateak handiagoak baitira bi hiri horietan. EAEn horrelakoak sortzea zailagoa dela aitortu du elkarteko kideak, nahiz eta “taldetxo bat” biltzea lortu duten dagoeneko.
Bileraren kokalekua aukeratzeko, zonalde bakoitzeko taldeek eta topaketa antolatzeko interesa dutenek hautagaitza aurkeztu behar dute, topaketa non eta zein baldintzatan egingo den zehaztuta. "EAEn horrelako ekintzak ahalbidetzen dituzten toki gutxiago daude, eta garestiagoak dira”.
Urduña inguratzen duten mendiek, esaterako, Eraztunen Jauna liburuaren Emyn Muileko mendien antza duela adierazi dute elkartetik, Frodok eta Samek Gollum topatzen duten lekua, hain zuzen ere.
Hori dela eta, erresidentzia fededunetan geratu ohi dira, eta Urduñan ere hala egingo dute. Alde batetik, merkeagoa da eta, bestetik, Elizak Tolkienen obra gustuko du, karga sozial txikiko obra baita. Hala ere, elkarte katolikoa ez direla nabarmendu du Patricia Morenok, sentsibilitate guztietako kideak biltzen baititu taldeak.
Ekintzaz beteta
Topaketari dagokionez, “ekintzaz betea” egongo dela aurreratu du antolatzaileak. “Tolkieni dedikatutako ekintzak, musika-emanaldiak eta hitzaldiak egongo dira. Hala ere, egiteko guztiak etortzen diren pertsonek burutzen dituzte, ez antolakuntzak. Beraz, oraindik ez dugu programa finkorik”.
Dagoeneko erabakita dagoena larunbateko afaria da, Urduñako bainuetxean izango baita. Han, Tolkienen unibertsoan girotutako jantzi eta bitxien multzoak baliatuta mozorrotuko dira partehartzaileak. “Denok oso friki eta arruntak gara, baina ez gara oso arraroak; bizitza normalean ezin duzun gaien inguruak hitz egiteko aukera bat da”, gehitu du, badaezpada, Morenok.
Ekitaldian lehenengo aldiz parte hartzen dutenentzako harrera komisioa antolatu ohi dute, bakarrik sentitu eta galdu ez daitezen. Giroa da, hain zuzen ere, lau egunetako puntu indartsuena: “Jende asko lo ez egitera doa hara”. Partaide askok seme-alabak dituztela kontuan hartuta, umeentzako toki bat ere prestatzen dute urtero.
Momentuz ez dute preziorik zehaztu, baina guztira 170 euroko kostua izango duela aurreratu du Morenok. Hala ere, beste toki batean lo egin nahi izatekotan, edo egun guztietan parte hartu ezin izatekotan, prezioa txikiagoa izango da. Era berean, nahiz eta Tolkien Elkarteko kidea ez izan, posiblea izango da izena ematea.