Esparru publikoan utzitako zepo baten ondorioz hil da txakur bat

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 5a, 07:00

Txakurra hil zuen zepoaren irudia. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 3an topatu zuen Ertzaintzak txakurra errepidearen erdian, zepo batekin aurreko hanka batean. Jabeak gertaera salatu du Aiaraldea Komunikabidean.

Maiatzaren 3an Belandiako etxe batetik 5 ehiza txakurrek ihes egin zuten. Aiaraldea Komunikabideari jabeak adierazi dioenez, ezbeharraz ez zen konturatu harik eta Ertzaintzak bere atera deitu zuen arte. 

Poliziak jakinarazi zion gizonezkoari txakurra errepide erdian zegoela eta zepo bat zuela hanka batean. Jabeak etxetik gertu zegoen bide batean topatu zuen animalia, eta egiaztatu zuen zepo handi batek harrapatu ziola aurreko hanketako bat. Zepoak 3 kilo inguru pisatzen zuen haren aburuz, eta zenbait punta zorrotz zituen: "2 edo 3 zentimetrokoak".

Animalia jaso bezain laster, jabeak tresna kendu zion, eta konturatu zen hanka apurtua zuela eta femorala zulatua. Ondorioz, odolusten ari zen. Horregatik, ahalik eta lasterren eraman zuen albaitiarengana, baina horrek adierazi zion onena sakrifikatzea zela.

Txakurraren jabeak ez zuen salaketarik jarri: "Nire susmoa da etxetik gertu zegoela zepoa jarrita, oso pisutsua baitzen eta indartsua izan arren, animaliak ezin izan zuen distantzia handirik zeharkatu, errepide erdian leher eginda geratu baino lehen".

Hala ere, frogarik ez zuenez, uko egin zion salaketa jartzeari. Dena den, polizia etxera itzuli zen handik eta egun batzuetara, "zepoa eremu publikoan nork utzi ote zuen ikertu nahi baitzuten".

Beste txakur bat desagertua egun berean
Maiatzaren 3an, txakur horrek ez ezik, beste lauk ere egin zuten ihes etxetik. Belandiako jabeak hiru besterik ez ditu berreskuratu. "Nik uste basurde baten atzetik joan zirela, ehizarako txakurrak baitira. Gainerakoak Kexaan topatu nituen. Hala ere, beste bat falta da. Izan liteke basurdeak hil izana, baina nire susmoa da besteak bezala bukatu zuela. Nik uste norbaitek hil duela" adierazi du.

Aiaraldearra "oso minduta" dago bere txakurrari gertatukoagatik: "10 urte zituen, eta nik oso ondo tratatzen ditut nire animaliak, familiakoak izango balira bezala". Bide batez, salatu nahi izan du gertatutakoa larria izan dela: "Imajina dezagun nire txakurrak bidean edo mendian zegoen zepoa zapaldu ordez, ume batek edo nagusi batek zapalduko balu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide