"Pena handia eman digu San Juan azoka ezin egiteak"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko eka. 10a, 11:55

Behi aziendak eta txapelketak bilakatu dute feria ospetsu. / Antonio Muñoz

Bertan behera utzi dute San Juan azoka eta Zilarrezko Perretxikoaren saria. Sektorearekin adostuta erabaki dute aurtengo edizioa urtebete atzeratzea. 400 aberetik gora biltzen zituen feriak.

Udako solstizioaren bueltan antolatzen dute urtero San Juan azoka Urduñan. Aurten, ordea, koronabirusaren ondorioz, ez da azokarik egongo. Zilarrezko Perretxikoa sariaren bidez, berriz, pertsona bat omendu izan dute urte guztietan zehar. Euskadiko Txarolesa Behi Arrazen txapelketa ere egin izan da hiri bizkaitarrean, ospe handiko ekimena. Halaber, artzain txakurren lehiaketa egin izan dute Juan Garay auzuneko landetan.

Olaran elkartea arduratzen da, batik bat, ekimenaren prestaketaz. Jon Solaun da kideetako bat. "Bertan behera utzi behar izan dugu aurtengo festa, zaila zen ganadua eta postuak kokatzea, 6 metroko distantzia eskatzen baitzuten, eta 1-2 laguneko aforoa errespetatu behar zen saltokika".

Sektorearekin hitz egin ostean, eragozpen asko zituztelako bota zuten atzera ospakizuna: "Horrelako egunetan, gainera, jendetza batzen da". Horren adibide da azoka eguneko otordua, "270 laguneko bazkaria egiten genuen Josefinoetan ere, eta ezinezkoa zaigu segurtasun distantziak betetzea".

Alabaina, datorren urteari begira baikor daude, "lehen sektorearentzat eta ostalaritzarentzat bultzada garrantzitsua da San Juan azoka. 2.000-2.500 lagun inguru elkartzen dira, eta 400-500 abere". Zerrenda horri, gainera, tokiko ekoizle eta artisauena gehitu behar zaizkio.

"Datorren urtean azokaren potentziala indartuko dugu, aurtengo kolpea leuntzeko", erantsi du urduñarrak, "pena handia eman digu San Juan azoka ezin egiteak, ibilbide eta ospe handia baitu. Egoerak eraman gaitu horrelako erabakiak hartzera".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide