BIDEO ERREPORTAJEA

Urduñako adingabeen zentroa eta bizilagunak, elkarlanean

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 24a, 22:48

Urduñako Antiguako Santutegiko eraikinak auzolanean berritzea, etxebizitzak eta eskola-tailer bat atontzeko. Helburu horrekin sortu dute Zapalan elkartea hiriko bizilagun batzuen eta adingabeen zentroko hezitzaileen artean. Hasi dira lehen pausoak ematen. 

Azken urteetan aurrerapauso nabarmenak eman dira Urduñako adingabeen zentroko gazteen eta hiriko bizilagunen arteko harremanean. Zentroko gazte batzuek hiriko hainbat espazio berregokitu zituzten iaz, auzolanean. Horietako batzuk Antiguako Santutegian bizitzen egon ziren denbora batez, alokatzeko pisu baten bila zeuden bitartean. Orain jada ez daude bertan, baina hirian bizitzen jarraitzen dute. 

Zapalan izeneko elkartea sortu dute Urduñako bizilagun batzuek eta adingabeen zentroko hezitzaileek    

Auzolan-esperientzia horrek izan zuen arrakastak bultzatu ditu adingabeen zentroko hezitzaileak Urduñako zenbait bizilagunekin proiektu berri bat abian jartzera. Zapalan izeneko elkartea sortu dute horretarako eta hau da, laburbilduz, egin nahi dutena: Santutegiko eraikina berritzea, etxebizitzak eta eskola-tailerra atontzeko. 

Santutegia

“Behar batetik jaio zen ideia. Adingabeen zentroko gazteak kanpora joaten dira 18 urte betetzen dituztenean, Bilbora gehienbat. Gauzak hala, ikusi genuen zerbait sortu behar zela kale gorrian egon ez zitezen”, azaldu du Jon Fernandez hezitzaileak. Hezitzaileen artean hitz egiten hasi ziren lehenbizi, eta Urduñako bizilagunengana jo zuten gero.

“Antiguako Santutegiko eraikina erabiltzeko aukera sortu zitzaigun. Hutsik dago eta badu espazioa zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei aterpea emateko”, azaldu du Veronica Cid hezitzaileak, “baina espazioa eraberritu beharra dago, urte asko daramatzalako erabilia izan gabe”. Orduan erabaki zuten proiektua “hartu-emanean” oinarritzea. “Alde batetik, etxebizitza beharra duten pertsona horien oinarrizko beharrizanak asetzea izango litzateke helburua. Baina, beste aldetik, eraikina berritzen joatea, Urduñako ondarearen parte delako”. 

Hurrengo pausoak

Baina nola garatuko dute proiektua? Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak? Aterpeko hezitzaileak bi bide aztertzen daude. “Alde batetik, instituzioetara jo dugu. Aldundiaren atea jo dugu eta Urduñako Udala ehuneko ehunean inplikatu da proiektuan, egitasmoaren parte da”, azaldu du Unai Urrutiak, baina nabarmendu du “jardun komunitarioa” dela bereziki sustatu nahi dutena, “Urduñako zein Aiaraldeko bizilagunekin elkarlanean”. Gauzak hala, proiektuan parte hartzeko gonbita luzatu diete eskualdeko bizilagun guztiei. 

Etxebizitzak eta eskola-tailer bat atondu nahi dituzte Antiguako Santutegian

Berritu nahi den eraikina Urduñako Santutegiaren patronatuaren parte dela azaldu du Sole Lezameta zinegotziak. “Bost pertsonak kontrolatzen dute patronatuaren junta: apaiza, elizak hautatutako bi pertsona eta udaleko bi zinegotzi. Pertsona horiek izango dira zein obra egin daitezkeen ebatziko dutenak. Apezpikutzarekin hitz egin dugu eta begi onez ikusi du proiektua”. 

Plenora eraman dute gaia, eta honako pauso hau eman behar dute orain: santutegiko juntak eraikina udalari lagatzea. “Modu horretan, tokiko erakundeak aukera izango luke espazioa 20-25 urtez kudeatzeko. Hori egiten denean hasi ahalko gara proiektua garatzen”. Beste instituzio publiko batzuei ere eskatu diete laguntza, Arabako Foru Aldundiari edota Eusko Jaurlaritzari. “Lanbideri laguntza eskatu nahi diogu eskola-tailerra irekitzeko. Tailer horren bidez eraikina eraberrituko litzateke eta, aldi berean, ogibideak irakatsi ahalko lirateke”. 

Jende orori irekia

Eraikina “hiriaren parte” izatea nahi dute Zapalan elkarteko kideek. “Bertan egingo diren ekintzak Urduñan eragitera bideratuak egongo dira”, nabarmendu du Urrutiak. 

Urduñako adingabeen zentrotik ateratzen diren gazteei begira sortu dute proiektua, baina ez da euregana soilik bideratua egongo. Oraingo egoera da horren adibide. Une honetan bi pertsona daude bizitzen santutegiko azpiegituretan: Urduñako bizilagun bat eta adingabeen zentrotik duela gutxi ateratako gazte bat. 

“Askoz beharrizan gehiago daude, eta beste mota batzuetako kolektiboek ere izan dezakete tokia egitasmoan. Badaude baztertze arriskuan dauden bestelako gazteak, edota etxebizitza arazoak dituzten pertsonak”, azpimarratu du Urrutiak, “uste dugu beharrizan horiek guztiak uztartu daitezkeela, parte hartze komunitarioa baliatuta”. 

Lezametak adibide bat jarri du: “Urduñako etxebizitza bat erreko balitz, adibidez, bertan bizi zen familiari aterpea eman ahalko litzaioke. Beste solairu bat eraberrituko balitz etxebizitza beharrak dituen sendi edo norbanako batek erabili ahalko luke. Ekimena ez da aterpeko gazteei soilik bideratua egongo. Erabilera anitzeko espazioa izango da”. 

Zentzu horretan, ekimen “dinamikoa” dela nabarmendu dute Zapalan elkarteko kideek: “Baztertze arriskuan dauden adingabe atzerritarrei laguntzeko jaio da proiektua, baina gehiago zabaldu daiteke. Integrazioa komunean eman behar da, guztiak bide beretik joanda”.

Telefono zenbaki bat jarri dute (633 59 13 74). Proiektuan interesa duen orok mezua bidali dezake bertara

Aurrera begira

Hala ere, ez dute proiektua Antiguako Santutegiko eraikinera mugatu nahi. “Elikaduraren eta nekazaritzaren esparruan ere jardun nahiko genuke”, aurreratu du Cidek. Fernandezek eman ditu xehetasun gehiago: “Proiektuak hainbat adar ditu, oraindik zehaztu behar direnak. Eskola tailerra da horietako bat, baina ez bakarra. Badakigu Urduñan nekazari eta abeltzain ugari daudela, lan egiteko jendea behar dutenak. Alor hori ere jorratzea interesgarria iruditzen zaigu”. 

Hala ere, giroa “nahiko geldirik” dagoela uste dute. “Ez dugu instituzioen aldetik mugimendu asko ikusten. Izan daiteke egoera ekonomikoagatik, edota instituzio batzuek proiektuan sinesten ez dutelako. Baina guk bai sinesten dugula egitasmoan, eta Urduñako zein Aiaraldeko bizilagunei zabaldu nahi diegu. Gauzak hala, proiektura batzeko gonbita luzatu nahi diegu eskualdeko norbanako, elkarte, eragile zein enpresei”. 

Telefono zenbaki bat jarri dute (633 59 13 74). Proiektuan interesa duen orok mezua bidali dezake bertara. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide