FERNANDO MOLERES

“Argazkilaritzaren alde estetikoa ez zait interesatzen, kontatu nahi dudana baizik”

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 7a, 15:45
Antartidan egon da Fernando Moleres. / F.M.

FERNANDO MOLERES (Urduña, 1963) argazkilaria da eta nazioarteko sariak jaso ditu Sierra Leonan egindako lanarengatik edota umeen lan esplotazioaren berri emateagatik. Otsailean eta martxoan Antartidan egon zen irudiak hartzen.

Izatez, erizaina izateko ikasi zenuen. Nola bukatu zenuen argazkilari profesionala izaten?

Bi ogibideak lotzen dituena, agian, honakoa da: zure burutik ateratzen zarela apur bat, eta bestelako errealitateekin lan egiten duzula.  Argazkigintzaren barruan bide ugari dago. Interesa pizten zidana ez zen alde estetikoa, kontatu nahi nuena baizik.

Zure lanaren zati handia zentratzen da eskubideen urraketetan. Sierra Leonako adingabe espetxaratuei buruz lana oso ospetsu bilakatu zen. Irudi horiek espetxean hartutakoak dira, nola egin zenuen?

Lizzie Sadinek egindako erakusketa ikusi nuen adingabeei buruz munduko kartzeletan Perpiñango Visa jaialdian. Madagascarko espetxeei buruz ikusi eta irakurri nuenak hunkitu ninduen. Gogoratzen dut lan horren ostean ez nuela nahi erakusketa gehiago ikusi, buruak eztanda egin behar zidan eta kalera atera nintzen paseatzera.

Etxera heltzean ekin nion informazioa bilatzeari Afrikako espetxeetan dauden umeei buruz. Sumatu nuen lekukotza ugari zegoela, baina oso irudi gutxi. Informazioa bilatu nuen gaia ikertzeko eta argazkigintza beka eskuratu nuen gero.

Proiektuaren garapena erronka izan zen, ez nekien nondik hasi eta beldurra ematen zidan errealitate horri aurre egiteak. Hainbat hilabetez bilatu nuen modua Afrikako espetxeren batean sartzeko: Gurutze Gorriaren, Save the Childrenen, Amnesty Internationalen edota erakunde erlijiosoen bidez. Hala ere, ez nuen ezer lortu. Glena Gordon argazkilariak lortu zuen ni harremanetan jartzea Sierra Leonako kartzela eta justizia sistemari buruz unibertsitate ikerketa egiten ari zen lagun batekin. 

 

“2012an Sierra Leonara itzuli nintzen jakiteko nola zeuden bi urte lehenago irudietan jasotako adingabeak”


Kolonia garaiko presondegia da Pademba.1.300 pertsona baino gehiago pilatzen dira bertan egoera izugarri latzean. Ni egon nintzenean ez zegoen urik, apur bat edateko bakarrik. Ez zegoen aukerarik garbitzeko, ura merkatu beltzean erosita ez bazen. Halaber, ez zegoen botikarik, ezta osasun zerbitzurik, dirurik izan ezean. 
 
Hasieran beldur nintzen ez ote zitzaidan zerbait gertatuko, egoera oso muturrekoa baitzen. Zorionez, erizain izan nintzenez, botika pilo sartu ahal izan nituen.

Sierra Leonako lana 2010ean egin nuen, eta ikusi nuen zabaldutako irudiek ez zutela aldatu legez kontrakoa den egoera hori: adingabeak egotea helduen espetxetan epaiketa justua izan gabe. Herrialdeko legeen kontra dagoen ezohiko egoera da hori.

Hortaz, 2012an Sierra Leonara itzuli nintzen jakiteko nola zeuden bi urte lehenago irudietan jasotako adingabeak. Legearekin gatazkak izan zituzten adingabeak laguntzeko programa abiatu nuen, 2010ean espetxean ezagututakoekin hasita. Horietako batzuk Freetown hiriburuan topatu nituen. Egun proiektuak aurrera jarraitzen du, eta Freetowngo adingabeen eskolan zentratzen da.

 

“Urduñako Josefinoen CODEMUN gobernuz kanpoko erakundeak lagundu gaitu Joseph eta Fodayren matrikulak finantzatzen. Biak atera ziren kartzelatik eta ez zuten seniderik”


Ikasten jarraitu nahi duten gazteak babesten ditu programak, batzuk unibertsitatean daude. Urduñako Josefinoen CODEMUN gobernuz kanpoko erakundeak lagundu gaitu Joseph eta Fodayren matrikulak finantzatzen. Biak atera ziren kartzelatik eta ez zuten seniderik. Halaber, euren familiekinlan egiten dut kartzelatik ateratzen diren adingabeak batzeko.

Beste proiektu batean umeen lana landu zenuen. Islatutako egoeren artean, zeinek hunkitu zintuen gehien?

Txundigarriena umeen lana umeen esplotazioa bilakatzen duten baldintzak dira. Askotan 14 edo 16 orduko lanaldiak egiten dituzte, atsedenerako egunik gabe, ardura arriskutsuak betetzen... Hala ere, gehien mintzen zaituena da ikustea psikologikoki txarto tratatzen dituztela, emozionalki txikitzen baitituzte. Eurek ahalegina egiten dute euren lana aitortu dezaten.
Edonola ere, aintzat hartu beharra dago euren errealitatea eta hemengoa oso bestelakoak direla. 

Azkenaldian ingurugiroari erreparatu diozu eta horrek Antartidara eraman zaitu otsailean eta martxoan. Zer egin duzu bertan?

Bidaia horretan bertan lan egiten duten zientzialariekin egon nahi nuen, bisitatu nuen zientzia basean, hain zuzen. Ezagutu nahi nuen gertutik eurek zer ikertzen duten euren lanetan munduko klima aldaketari buruz. Arazo hori uste baino askoz larriagoa da; ekosistema asko kaltetzen ari dira gehiegizko erregai fosilen erabilera dela eta. 

 

“Ni beti bizi izan naiz aldizkarietan argitaratu ditudan erreportajeei esker”

 

Proiektu handi horiek ez ezik, bestelako lanak egiten dituzu?

Ni beti bizi izan naiz aldizkarietan argitaratu ditudan erreportajeei esker eta, oro har, landu nahi ditudan gaiak hautatzen ditut. Argazkilaritzari dagokionez, ez dut argitalpenetatik harago bestelako lanik egiten. 

Egoera gero eta zailagoa da, aldaketa digitalak eragina izan baitu prentsan. Egunkari gutxiago erosten dira, gutxi dira independenteak eta publizitatea murriztu da. Hedabideen ekonomia eta kalitatea kaltetzen ditu horrek. 

Duela urte asko bizi zara Bartzelonan. Zein harreman mota duzu Urduñarekin?

Duela 20 urte etorri nintzen Mediterraneora. Gogoko dut Bartzelona, hiri irekia baita, eta hemen itsasotik gertu bizitzen saiatu naiz. Urduñarekin eta bere haranarekin dudan harremana familiarra eta emozionala da. Han hazi naiz eta nire bizitzaren zati bat han dago. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide