Mari Carmen Diaz de Lezana txirrindulari urduñarra errepidean dago jadanik. Igandean abiatu zen, eta bere helburua da apurka-apurka Benidormera heltzea. Igandean Lodosa izan zuen helmuga, egun euritsua izan bazuen ere. Atzo, aldiz, Épilas hautatu zuten lo egiteko.
Diaz de Lezanaren hasierako asmoa zen Erromara joatea, bi lagunekin batera -Alfonso Julian eta Iñaki Hoyos- baina egoerak behartuta Benidormerako bidea hartu dute. Larunbatean eguerdian heltzea aurreikusi dute; eta xedea da, gehienbat, bidean gozatzea.
"Patxadaz gabiltza, bazkaltzeko eta afaltzeko behar beste denbora hartzen dugu", azaldu zuen atzo urduñarrak. Edonola ere, Mari Carmen Diaz de Lezanak nahiago du unea bizitzea, eta bere lagunei utzi die Aiaraldea Hedabidearekin hitz egiteko ardura. "Orain zerbait hartu eta lagunekin afalduko dut", zioen Alfonso Juliani hitza eman baino lehen.
Atzoko etapan 130 kilometro baino gehiago bete zituzten, "baina nekea agertzen denean gelditzen gara taberna batean zerbait hartzeko. Bardeetako paisaiak izugarri politak izan dira eta orain Jalon ibaiaren inguruak ikusten ari gara".
Erronkako parte-hartzaileek argi utzi dute euren helburua dela osasuna eta kirola uztartzea. "Bidean oso jende jatorra ezagutu dugu eta hori da onena. Gainera, Iñaki Hoyosek ibilbide aparta prestatu du, eta errepide onak hartzen ari gara, arriskurik gabe".
Argazkiak: Diaz de Lezana familia