Golfaren antza badu ere, berezko kirol modalitate da Pitch & Putt. Urduñan dago Euskal Herrian praktikatzeko zelai bakarra.
Ahalik eta jaurtiketa gutxienekin pilota zuloan sartzea. Horra Pitch & Putt kirolaren funtsa. Makilek eman diote izena Irlandako kirolari. Arbietokoa da jatorri Irlandarreko kirola praktikatzeko Euskal Herriko zelai propio bakarra, nahiz eta EAEn jolasteko beste lau gune egon.
Golfarekin makina bat ezberdintasun ditu. Batetik, zuloen arteko distantzia: “40-90 metrora daude, golfean 300-400 metrora dauden bitartean”. Bestetik, alfonbratik botatzen da beti pilota, hots, zulo bakoitzaren irteera puntutik. Tee deitzen zaio irteera guneari, eta green zuloari.
Guztira, 18 zulo dituzte Urduñan. Gune bakoitzak bere handicapa du, zailtasun maila adierazteko txartela
Guztira, 18 zulo dituzte Urduñan. Gune bakoitzak bere handicapa du, zailtasun maila adierazteko txartela. Hain zuzen, 1etik 18ra daude zenbakituta. Zenbat eta zenbaki txikiagoa izan, orduan eta konplexuagoa da. "Adibidez, Urduñan lehen zuloak 1 zenbakia du, beraz, horrek esan nahi du hemengo ibilbideko zulo zailena hori dela”, azaldu dio Aiaraldea hedabideari Matxalen Petralanda Inbarriko kideak. Panelen bidez zehaztu dute greenera dagoen distantzia, bandera zenbat metrora dagoen jakiteko. “Golfa praktikatzeko zegoen gunea egokitu dugu. Ingurua ederra izanik, Pitch & Putt zelaia eraikitzeko aukera ikusi genuen”. 2017an ireki zuten Urduñako zelaia, eta geroztik, makina bat txapelketa jokatu dituzte bertan. Informazio guztia Urduña Pitch&Putt Facebook kontuan dago zintzilikatuta.