Alardea telesailaren grabaketa egin dute asteotan Urduñan. ETB1ean emitituko da ikus-entzunezkoa udazkenean. Andra Mari plazan eta Alde Zaharrean aritu dira, besteak beste, saioa filmatzen. David Perez Sañudo zuzendariak Aiaraldea komunikabideari azaldu dionez, berezia izan da hiriko grabaketa. Laudion ere egon dira grabatzen, "baina pabilioi pribatu batean". Martxoan ekin zioten filmatzeari, baina koronabirusa medio eten egin behar izan zuten ekoizpena.
Uztailean aritu dira grabaketak bukatzen, eta udazkenean aurreikusi dute estreinaldia. "Auzokideek oso erraz jarri digute fimaketa. Hiri txiki batean grabatzea beti da berezia. Esperientzia itzela izan da, oso polita", erantsi du Perezek.