Duela gutxi argitaratu duzu zure lehen liburua. Konfinamenduak eragina izan du idazketa prozesuan?
Denbora asko daramat idazten, 15-16 urte inguru. Liburua ez da egun batetik bestera sortu. Umea nintzenean ere hainbat idazketa lehiaketetan parte hartu nuen, eta kazetaritza ikasketak hasi nituen. Beti gustatu zait hitzak elkartzea.
Konfinamenduan geundela pertsona batek esan zidan Urduñako Udalak mikroipuinen lehiaketa bat antolatu zuela, eta aurkeztea erabaki nuen. Konfinamenduak ez zuen eraginik izan, urteak daramatzadalako idazten. Lehiaketa irabazi nuela esan zidatenean pentsatu nuen une egokia zela liburua argitaratzeko.
Nola definituko zenuke liburua? Zer nolako olerkiak bildu dituzu bertan?
Bi olerki liburu eta ipuin laburren bat ditut idatzita. Poesia liburuak Esencia urbana eta Una palabra a destiempo dira, eta lehenengoa da argitaratu dudana. Moldaketaren bat egin dut olerki batzuk jarri eta beste batzuk kenduta, literatur kalitate oneko lana zela ikusi arte. Agian gaizki dago hori nik esatea (barreak), baina egia da liburua ondo osatua egon arte itxaron dudala argitaratzeko. Bi urte eman ditut idazten.
Liburu gehiago idatzi dituzu, beraz. Horiek ere argitaratzeko asmoa duzu?
Ipuinena datorren urtean argitaratzea pentsatu dut. Kontakizun berriak ere idazten ari naiz, intentsitate handiagodunak, bilduman sartzeko. Nire bigarren poesia liburua, Una palabra a destiempo, ez dakit noiz argitaratuko dudan. Datorren urtean plazaratzea goizegi iruditzen zait. Poesia oso genero gutxitua da. Horregatik, nire lehen liburua zerk nolako harrera duen ikusi nahi dute lehenbizi, harreraren arabera argitaratuko dut bigarrena.
Edonola ere, beste liburu bat egiten nago. Ez du izenbururik oraindik, baina poesia are minimalistagoa jorratuko dut bertan. Nire olerkiek ez dute dekorazio askorik, nahiko garbiak dira hitzei eta metaforei dagokionez. Baina liburu hori are zuzenagoa izango litzateke. Hori da nire asmoa behintzat. Lehenengo bi lanen harreraren arabera erabakiko dut Una palabra a destiempo edo liburu berri hau argitaratu edo ez.
“Nire iraganera jo dut, bizi izan nuen emozioa ikusi eta, modu horretan, hori olerkietan islatu ahal izateko. Hori da liburuaren haria”
Zer gai jorratzen dituzu olerkietan?
Esencia urbana liburuaren gaia hiria da. Bilbon jaiotakoa naiz, eta nire jatorriari eta iraganari eginiko omenaldi bat da olerki-bilduma. Bost ataletan banatu dut. Lehen zatiaren titulua La ciudad del futuro da eta zerbait berrira iristeak sortzen duen poza du hizpide, iragan ilun batetik etorrita hiri batekin topo egitea. Bigarren zatia Rosa rosa deitzen da, eta hirian topatzen dituzun gauzen loratzea du hizpide: gaztetasuna, edertasuna... pertsonen bizitza ikusten jakitea. Hirugarren zatiak, La ciudad del abrazo , hirian topatu daitekeen maitasuna eta desamodioa kontatzen ditu. Madriletik etorritako “mobida” bizi izan nuen nik Bilbon, 1980ko hamarkadaren amaieran. Barrenkaleko tabernez eta nire esperientziaz hitz egiten dut, eta baita desamodioaz ere.
Laugarren zatia Rosa negra da, eta gainbehera du mintzagai, edertasunaren joana eta amaiera, heriotza. Bertan badago zati bat kontsumoarekiko kritikoa dena, amildegira garamatzala uste dudalako.
Azken atala Un nuevo idilio da, eta guztiaren birjaiotza du hizpide. Ni baikorra naiz, dena itzuliko dela uste baitut.
Dena den, liburuak bi olerki nagusi ditu: Rosa rosa eta Rosa negra. Oso laburrak dira, baina oso intentsuak era berean. Olerki horiek eusten dute liburu osoa.
Balio unibertsalak tokikotasunetik heldu dituzu, beraz?
Bai, bizi izan dudanetik abiatuta batez ere. Poesia emozioetatik abiatzen da, emoziorik gabe ez dago poesiarik. Nire iraganera jo dut, bizi izan nuen emozioa ikusi eta, modu horretan, hori olerkietan islatu ahal izateko. Hori da liburuaren haria.
Niri, pertsonalki, ez zaizkit gustatzen gai batetik bestera salto egiten duten olerki-liburuak. Uste dut horrela jokatuz gero indarra galtzen dela, beharrezkoa da hari bat izatea.
“Ez nuen espero liburuak horren harrera ona izatea”
Zer nolako harrera izan du liburuak?
Oso harrera beroa izan du. Ez nuen espero horren harrera ona izatea. Urduñako jendea erosten ari da, eta kritika positibo asko iristen ari zaizkit posta elektroniko bidez (liburuaren amaieran jarri dut nire helbidea, jendeak bere iritzia bidaltzeko). Pertsona batzuek aipatu didate harritu egin direla nire olerkiekin, oso zuzenak direlako eta barrenak astintzen dituztelako. Beste batzuek esan didate liburua literatur-kalitate handikoa dela eta aurkikuntza ederra izan dela. Oso pozik nago.
“Hainbat arazo mota dituzten emakumeak dira nire ipuin gehienetako narratzaileak”
Una palabra a destiempo antzekoa da?
Inpotentzia du hizpide, inguruan gertatzen zaizkizun eta mina egiten dizuten gertakariekiko inpotentzia. Minaz hitz egiten du, garaiz kanpo esandako hitz batek hondoratu ahal zaituelako.
Esku artean duzun ipuin-liburua, aldiz, nolakoa izango da?
Olerkiak idazterakoan ez dut ezer asmatzen, nire emozioak eta esperientziak kontatzen ditut. Ipuinak, aldiz, asmatu egiten ditut. Badaude nire bizipenetan oinarritutako zatiak, ezagutzen ditudan gauzei buruz idazten dudalako gehienetan. Baina gehiena fikzioa da. Hainbat arazo mota dituzten emakumeak dira nire ipuin gehienetako narratzaileak: kleptomanoak, alkoholikoak, lagun bategatik engainatuak sentitu direnak, zahartzaroari aurre egiten diotenak... arazoak edo kezkak dituzten emakumeak dira ipuin gehienen protagonistak, eta asmatu egiten ditut, nire bizipen batzuk ere sartu arren. Ez da idazlea narratzailearekin nahastu behar, baina egia da narratzaile gehienek idazlearen zati bat dutela, ezin zara guztiz atera. Olerkietan, aldiz, ni neu naiz, erabat biluzten naiz.