Amak eta Iñaki Plaza, urte eta Urdufolk jaialdiaren edizio berezi baten pizgarri

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 1a, 08:09
Iaz Foru plazako karpan izan ziren kontzertuak. Aurten, Herri Eskolan kokatuko dute oholtza. / Urduñako Udala

Segurtasun neurriak medio, derrigorrezkoa da Alondegian aurrez izena-ematea. 20:30ean izango dira kontzertuak Urduñako Herri Eskolako jolastokian.

Aurten ez da Urdufolk lehiaketarik egon. Alabaina, jaialdia "ahal bezala" antolatzea lortu dute zortzigarren urtez, 2013. urtean izan baitzen lehen aldia. Ohikoan ez bezala, ordea, ez dute lehiaketarik ez kalejirarik antolatu. Bai, ordea, folk kontzertuak. Hain zuzen, Urduñako Herri Eskolako patioan izango dira emanaldiak.

Ez edonolakoak, gainera. Batetik, Iñaki Plaza urduñarrak joko du, zenbait gonbidaturekin.

 Iñaki Plazaz gain, Amak taldea taularatuko da: Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano

Bestetik, Amak taldea ikusteko aukera izango da hiri bizkaitarrean, musikari emakume ezagunek osaturiko taldea.

Izan ere, musika bikote ezagunetan ibilitako kideak bildu dira proiektuan, Alaitz eta Maider zein Maixa eta Ixiar taldeetakoak kasu. "Lau soinu, lau pandero, lau ahots eta lau emakume. Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano", sare sozialetan zehaztu dutenez.

Ate irekiera 20:00etan izango da "20:30ean hasteko Iñaki Plaza eta Koldo Uriarte bikotearen kontzertua, eta 22:00etan Amaken ikuskizuna". Joseba Urruelaren hitzetan, gauerdirako amaituta egongo da jarduera: "23:30ean bukatuko da, eta 0:00etarako jende guztia eremutik kanpo egon beharko da. Boluntarioen esanetara, modu ordenatuan bideratuko dugu sarrera-irteera, jendea ez dadin une berean atera eta sartu".

Gonbidapenak eskuratzea, derrigorrezkoa

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, derrigorrezkoa izango da Urdufolkeko ikus-entzulea izateko aurrez apuntatzea. Kontzertuetako edukiera eta segurtasuna kontrolatzeko, beharrezkoa da Alondegian izena-ematea, "gonbidapenak erreserbatzeko".

Urruelak erantsi duenez, izen-abizenak eta telefonoa adierazi beharko dira, partaide guztiekin harremanetan jartzeko modua izateko arazoren bat egongo balitz. "300 aulki jartzeko tokia lortu dugu, segurtasun distantzia bermatuta",  azpimarratu du urduñarrak.

Kontzertuetako aforoa eta segurtasuna kontrolatzeko, beharrezkoa da Alondegian izena-ematea

Goizez nahi dute sarrerak kudeatzea, "asteartetik ostegunera printzipioz. Ostiralean txartelak oraindik "soberan" baleude Alondegian bertan jarriko dituzte eskura, eta posta elektroniko bidez (alondegia@urduna.com) ere eskatu ahalko dira".

Edukiera bete arte onartuko dute jendea, aipatu duenez, "jende guztiak eserita egon beharko du behin eremuan sartuta, eta maskarillarekin. "Elkarrekin 2-6 lagunen arteko multzoak egon ahalko dira, baina soilik familia unitate badira; hau da, etxe berdinean bizi badira".

Horretarako ordutegia ondorengoa izango da: 10:00etatik 13:30era, eta 16:30etik 20:30era, "irailaren 1etik aurrera Gizarte Etxeak ordutegi berria izango du" eta, udalaren hitzetan.

Koroatze jaiak bertan behera

Koroatze jaiei dagokienean, berriz, ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, Urduñako Udalak ostiralean jakinarazi zuenez. "Urdufolk izango da egingo den jarduera bakarra", azpimarratu zuten prentsa oharrean.

Horrez gain, tradizioari jarraiki, mezak mantenduko dira, eta jaietan moduan irrati bidez entzun ahalko dira herrian. Prentsa oharrean kontsulta liteke informazio guztia.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide