ERREPORTAJEA

Aterpea, bigarren aukera behar duten animalientzat

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 20a, 08:00
Hainbat animalia daude aterpean, astoak tartean. / Aiaraldea.eus

Rondinako futbol zelai zaharra lagatu dio udalak El Refugio de los Sabios elkarteari, tratu txarrak edo abandonua sufritu duten animalientzat.

Duela 3 hilabete inguru ireki zituen bere ateak El Refugio de los Sabios animalientzako aterpeak. Izen bereko elkarteak kudeatzen du eta jadanik txerri vietnamdar bat, 2 asto gazte, 4 txakur heldu, 8 txakurkume eta 14 katakume artatzen dira bertan. 

Guztiek bizi izan dute abandonua edo tratu txarrak. Batzuk udalerrian topatu dituzte noraezean, beste batzuk sakrifikatu behar zituzten eta bazeuden euren jabeekin egoera onean ez zeudenak ere.

Animaliak zaindu ez ezik, adopziorako ere prestatzen dituzte. Adibidez, katuak esterilizatzen dituzte populazioa kontrolik gabe haz ez dadin. Bitartean, katakumeek erabiltzen duten eraikina moldatzen ari dira kanpora ateratzeko aukera izan dezaten. “Ez dugu nahi itxita egon daitezen”, adierazi du Maria Jose Barquin Fernandez, elkartearen sortzaileak.

Katuei dagokienez, helburuetako bat da hirian dauden kolonia guztiak kontrolatzea, katakumeak zein kide heduak esterilizatuta, eta herritarrak heztea: “Ezin dira ontziak janariarekin kalean utzi, horrela arratoien agerpena errazten da. Ez da animalien arazoa, gizakien hezkuntza falta baizik”.

Animaliak zaindu ez ezik, adopziorako ere prestatzen dituzte

Berez, egitasmoa ez da zerotik abiatu, Barquinek azaldu duenez: “Nik animalien babeserako elkarteetan lagundu izan dut aurretik eta gogoko izan ez ditudan zenbait kontu hobetu nahi ditut. Adibidez, alde ekonomikoa modu gardenean kudeatu nahi dut, nahi duenak jakin dezan zertan gastatzen den dirua. Duela urtebete hasi ginen aterpea kudeatzen eta itxialdiak iraun bitartean Urduñako jende nagusiarekin lan egin genuen. Hasieran euren txakurrak paseatzen genituen, eurak kalera ez ateratzeko eta arriskuan ez egoteko. Gero erosketekin ere lagundu genituen”.

Pandemiak parada eman zienean, ordea, Rondinako futbol zelai ohian lanak egiteari ekin zioten, baita animaliak zaintzeari ere. Helburu horretan, gainera, bidelagun ugari izan dituzte. Adingabeentzako zentroko 5 gazte joaten dira egunero, astelehenetik ostiralera, behar diren ardurak betetzera. “Oso eskertuta gaude” erantsi du elkarteko kideak.

Hala ere, ekarpen gehiago izan dituzte. ASASAMeko erabiltzaileek ere instalazioetan esku hartu dute, adibidez. Eta hori ez da dena izan. Adibidez, umeak joaten dira animaliak paseatzera, betiere, El Refugio de los Sabioseko boluntarioekin. Horrez gain, hainbat taberna eta saltoki prest egon dira proiektua ekonomikoki babesteko: “Laster irekiko dugu kontu korrontea, jendeak dirua eman nahi baitio ekimenari”.

Urduñako katu koloniak kontrolatzeko asmoa ere badute elkarteko kideek

Edonola ere, Maria Jesus Barquin Fernandezek bere senarraren, Victor Sanchezen ahalegina nabarmendu nahi du: “Beti eskertzen diot hainbat jenderi egindakoa, baina, egia esanda, ideia nirea izan bazen ere, ezinezkoa izango litzatekeen aurrera egitea Victor gabe. Berak ere lan pilo egiten du, eta horri esker funtzionatzen du aterpeak".

Urduñako proiektua

Udalaren parte hartzea handia izan da El Refugio de los Sabiosen. Azpiegiturak uzteaz gain, diru-laguntza emango dio elkarteari euren arteko harremana arautu bezain pronto. Bestalde, obrak ere gauzatu dituzte. “Udal langileek konpondu dute inguruko hesia, guretzat lan handia baitzen”, aitortu du Maria Jose Barquin Fernandezek.

Horrek tokiko izaera eman dio aterpeari. Gauzak hala, Urduñan topatutako animaliak soilik utzi ahalko dira bertan. Prozedura ezarri dute horretarako eta tokiko erakundea izan beharko da bitartekaria animalien errolda izateko. “Norbaitek hirian animaliaren bat topatzen badu, udaletxera jo beharko du erregistratzera, guk jaso dezagun” argitu du aterpeko kideak.

Elkartearen izenari buruz galdetuta, Barquin Fernandezek azaldu du bere ideia izan dela eta aspaldi hautatu zuela: “Nahiz eta ez duten hitz egiten, animaliak oso jakintsuak dira eta asko irakatsi didate. Eurekin beti ikasten dut zerbait”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide