ARGAZKI ERREPORTAJEA

Urduña eta Aiara, Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituaren puntan

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 20a, 15:54

Larunbatean izan zen Urduñako Mendi Duatloia Txoza inguruan. 161 lagunek hartu zuten parte proban guztira, lokatza lagun. Urriaren 3an izango da eskualdeko bigarren lasterketa, Arespalditzan, hain zuzen.

Eguraldi kaskarrak eta koronabirusak ez zuten eragotzi Urduñako Mendi Duatloia ospatzea. Atzo izan zen lasterketa Urduñan, eta parte hartze handia egon zen. Norbanako gisa 71 pertsona bertaratu ziren ibilbidea osatzera, eta erreleboka -bikoteka, alegia- 45. Hortaz, 161 kirolari izan ziren protagonista, lasterkariak animatzera gerturatutako publikoarekin batera.

Emakumezkoen kategorian Maria Gomez Ijalbarentzat izan zen lehen postua, 1:49:02 denbora behar izan zuelarik ibilbidea bukatzeko. Bigarren Mayi Mujika Errasti sailkatu zen (1:54:40) eta hirugarren Enara Oronoz Mateo (2:00:04). Gizonezkoen artean, berriz, Jon Ergin izan zen bizkorrena, 1:27:57 markarekin. Bigarren Josu Urresta helmugaratu zen, bi munutu eta erdiko aldearekin (1:29:20) eta hirugarren Alexander Ordeñana (1:31:08).

Txapelketako lehen txanpan Javi Urrutia izan zen liderra, baina bizikletarekin arazo mekanikoak izan zituen Tertanga inguruan, eta erretiratu egin behar izan zen. Gorobel mendizerraren magalean jokatu zen norgehiagoka. Aurten, lehenbizikoz, ez zuen Urduñako herrigunea zeharkatu. Hala ere, harrera oso ona izan zuen ekimenak, jende ugari hurbildu baitzen Txozako zelaietara duatloia ikustera. Antolatzaileen esanetan, ibilbidea tekniko samarra zen: hasteko 7.35 kilometro osatu behar izan zituzten korrika, ondoren 14.9 kilometro bizikletaz eta amaitzeko 1,4 lasterka.

Koronabirusaren pandemia medio, partaideak irteera punturaino maskarillarekin gerturatu behar izan ziren, baina behin proba hasita ez zen beharrezkoa izan babesa eramatea.

Arespalditzan hurrengoa

Aiarak hartuko du Urduñako lekukoa urrian. Izan ere, urriaren 3an jokatuko da Aiarako Mendi Duatloia. Aurreko urteetan bezala, Iñaki Isasi Taldeak antolatuko du, eta Euskal Herriko Mendi Duatloien zirkuituaren parte izango da. Joseba Terreros ari da, besteak beste, antolakuntza lanetan. "Apirilean egiteko prestatuta genuen, eta beraz, urriko proba erraztuko digu horrek", zehaztu du. Euskal Herriko zirkuituko jendeak ligara batzea proposatu zien, eta onartu egin zuten gonbita. Datozen egunetan plazaratuko dute ibilbidea, baina aurreko edizioen antzekoa izango da: "Aldaketa txikiak egingo ditugu, gutxi diren arren".

Terrerosen hitzetan, kirolariak proba gosez somatzen ditu: "Aurten proba gutxi daude, eta horrelako lasterketak gogoko dituztenek ez dute aukerarik galtzen. Ez dago apenas duatloiak ez diren txapelketarik". Hargatik, parte hartze handia espero dute, "Urduñakoa bezalakoa. Azkenean, gertu gaude, eta uste dugu jende bera egongo dela".

Herritarrentzat ere ikusgarriak dira mendi duatloiak. Alabaina, osasun eta segurtasun neurriak direla-eta, arduraz jokatzeko deia luzatu dute: "Jendea kontuz ibili behar da, musukoa ipini eta distantziak mantendu. Mendi Zirkuituak protokolo propioa du, froga guztietan betetzen ari dena. Esaterako, irteera unea baino minutu bat lehenago arte jantzi behar dute partaideek maskarilla, eta ostean mailotean gorde behar dute".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide