Elkartasun gurpilak ez du zulorik. Hala dirudi, behintzat, Aiaraldean. Urriaren 9tik 12ra Urduña eta Finisterre lotuko dituzte Javi Irabienek, Xabier Irabienek eta Beñat Martinek.
Javi Irabienek Aiaraldea Hedabideari aitortu dionez, Puentelarratik aterako dira Urduñako portua ekiditeko. Tandema izango dute garraio, eta lau txanpatan osatu nahi dute Galiziarainoko bidea: "Puentelarratik Carrion de los Condesera izango da lehenbiziko etapa, Ponferradaraino bigarrena, hirugarrena Palas de Reyra eta azkena Finisterraino". Santiago de Compostela hirira ere bertaratuko dira, baina garraioa baliatuta ziurrenik, "azken 10-15 kilometroak tandemean egingo ditugu".
AEFAT elkartea laguntzea izango da bidaiaren xedea. "Ekainaren 20an AEFATen aldeko elkartasun eguna antolatu nahi genuen, baina pandemiagatik ezin izan dugu aurrera atera. Egitarauaren barruan, bi pertsona 6 orduz tandemean aritzea zegoen aurreikusita, ekarpen ekonomikoa egiteko aukerarekin". Hortik otu zitzaien 661 kilometro tandemean egiteko ideia. Ataxia telangiektasia gaixotasuna ikertzeko diru-ekarpena egin nahi dute horrela. Ekimena babesteko 5 euroko dohaintzak bilduko dituzte, 661kilometrosentandem webgunearen bitartez.
Familia bat
Abentura kideak ez ditu edonolakoak izango Javier Irabienek. Bera da adinez nagusiena, baina oso ilusionatuta dago, "are gehiago familia giroko 3 lagun joanda". Hain zuzen, hiru belaunaldi elkartu ditu ekimenerako: "Beñatek 30 urte ditu, nire semeak 40 eta nik 67. Ez da oso ohikoa kointzidentzia hori". Irabienen hitzetan, Artomañako lagun bat izan zen proiektua bideratzeko arrazoia: "Kepa Vallejo (Hodeiren aita) familiako laguna da. Harreman estua dugu berarekin, baita Abel Fernandezekin ere. Hodeik ataxia telangiektasia du, eta nire bilobekin doa eskolara".
Alde emozionalak baino, ordea, erantzun sozialak bultzatu du mugitzera: "Pandemiarekin dena eten da, eta ez dago dirulaguntzarik gaixotasuna aztertzeko; ikerketek dirua behar dute".
Abenturari begira, gauza gehienak prest dituzte jada, nabarmendu dutenez. "Badaezpada 2 bizikleta daramatzagu, igoerak oso maldatasuak badira zati horiek txirrindulan egiteko. Hala ere, ahal beste tandemean egitea da gure helburua", adierazi du Irabienek.
Ataxia telangiektasia gaixotasuna ikertzeko diru-ekarpena egin nahi dute horrela. Ekimena babesteko 5 euroko dohaintzak bilduko dituzte
Plana
Hiru lagun joango dira, tandemean uneoro bi, eta bat kotxean: "Ibilbidea Beñat Martinek aukeratu du. Santiago bidea egina dauka, baina Finisterrera heltzeko arantza geratu zitzaion, eta horregatik goaz haraino".
Santiago de Compostelara, aldiz, ataxia telangiektasia duten bertako haurrak laguntzera joango dira. Han, AEFAT elkarteko sendiak izango dituzte zain.
Tandemekin esperientzia, baina, lehendik datorkio Javi Irabieni: "Bi tandem nituen lehen, bat nik egindakoa gainera. Saldu egin nituen ordea. Beraz, erronkarako punta puntako tandem berri bat erosi genuen. Hirurok entrenatu dugu, noiz joan batekin edo bestearekin erabakitzeko. Izan ere, tandemean %95 eserita egiten da, eta hori ere hartu behar da kontuan".
Laguntza eskaintzeaz gain, jaso ere egin dute: "Aiarabikek babestuko du ekimena tandemerako materiala utzita, besteak beste".