Urduñako Herri Ikastetxeko jolastokia “bernaturalizatzeko” prozesua, abian

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 19a, 08:05

Urduñako herri ikastetxea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Datorren urteko apirilerako amaituko dute proiektu teknikoa, baina prozesu osoa lauzpabost urtez luzatuko da. Klaseak aire librean emateko aukera emango die espazio berriak hezkuntza zentroko kideei. 

Urduñako Herri Ikastetxeko jolastokia “bernaturalizatua” izateko bidean dago. Kataluniako El Globus Vermeli arkitekto taldeak abiatu du ekimena, Patios x Clima egitasmoaren barruan. “Estatu Espainiarreko 7 patio hautatu ditugu proiektu pilotoak egiteko”, azaldu dute arkitekto kataluniarrek, “Urduña izango da Euskal Autonomia Erkidegoko bakarra”. 

Aurreko astean hainbat bilera egin zituzten taldeko kideek ikastetxeko hezkuntza komunitatearekin zein udal ordezkariekin, egitasmoa azaldu eta lehen kontaktua egiteko. Proiektu teknikoa garatzeari ekingo diote orain. “Hilero bilduko gara Urduñako ikastetxeko eta udaleko kideekin, proiektua nola bideratu zehazteko”.

Aurreikusi dutenez, apirilerako amaitua egongo da plan tekniko hori, baina bidearen lehen zatia baino ez da izango. Proiektua udalaren esku geratuko da orduan, eta erakunde horrek egikarituko du planteamenduan islatutakoa. 

Oraindik ez dakite zer bide hartuko duen proiektua eta, beraz, zein izango den espazio berriak izango duen itxura. Hala ere, bidearen zati bat dagoeneko egina dagoela aipatu dute, ikastetxeko kideek hainbat auzolan egin dituztelako dagoeneko jolastokia moldatzeko. Duela bi urte egin ziren lan horiek, Hiritik At arkitekto kooperatibak gidatuta

Lauzpabost urte inguruko prozesua

Hala ere, proiektuaren gauzatzea ez da berehalakoa izango, arkitekto taldeak azaldu duenez. “Lauzpabost urte beharko dira prozesua amaitzeko”. Izan ere, argitu dutenez, parkearen bernaturalizazioa ez da obra hutsa izango: “Ikastetxearen hezkuntza plana ere eraldatu behar da, espazio berriaren erabilpena zentroaren ohiko jardueran txertatzeko”. 

Jolastokia naturgune bihurtzean datza, funtsean, “bernaturalizazio” prozesua. Aurreratu dutenez, espazio berriak hainbat gauza egiteko aukera emango die eskolako kideei. Lurrarekiko konexioa landu ahalko dute ikasleek, klaseak aire librean ematen. 

Baina helburu nagusia aldaketa klimatikoaren gaineko kontzientzia handitzea da, nabarmendu dutenez. Ikastetxeetan “bizitza erdigunean” egotea ahalbidetu nahi dute proiektuarekin, “euren kabuz birsortzen diren ekosistema biziak sortuta”.

Azaldu dutenez, horrelako guneak “funtsezkoak” izan daitezke aldaketa klimatikoa leuntzeko estrategiak sortzerako orduan, “hiriguneetan batez ere”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide