“Jantokietako langileoi ikusezinak izango bagina bezala tratatzen gaituzte”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 21a, 10:00

Tamar enpresan egiten du lan Irune Azkarragak. / I.A.

IRUNE AZKARRAGA urduñarra Tamar enpresako LAB sindikatuko ordezkaria da. Eskoletako jangeletan gaur deitua dagoen grebaren arrazoiak azaldu ditu.

Greba deitu duzue gaurko -urriak 21- ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek hezkuntza zentroetako jangeletan. Zer dela eta?

Aurreko kurtsoa amaitu baino lehenago Eusko Jaurlaritzatik protokolo bat aurkeztu zuten, eskola bakoitzak jantokiak zein klaseak bere kabuz antolatu behar zituela esanez. 

Jantokietako langileek ekainetik daramagu Eusko Jaurlaritzari gurekin biltzeko eskatzen, jantokiko protokoloa nola antolatu ahal zen eta zer behar dauden zehazteko. Baina erantzunaren zain gaude oraindik. 

Gu oso parte garrantzitsua gara hezkuntza komunitatean baina askotan ikusezinak garela sentitzen dugu, jantokiko gauzak gurekin kontatu gabe antolatzen baitira. 

Ikasturte berria hasi zen eta eskola askotan jantokia itxita zegoen, Gasteizen batez ere. 400 pertsona langabezian zeuden irailean, nahiz eta aldizkako langile finkoak izan. Hilabetea  aurrera zihoan heinean langileak lanpostuetara bueltatu dira pixkanaka. Jantoki batzuk oraindik itxita daude baina zabaltzeko epea  jarrita. Beste batzuk, gehien bat institutuak, ikasturte honetan ez zabaltzea erabaki dute. Hori zentro bakoitzaren erabakia izan da, baina Hezkuntza Sailak badu erantzukizuna horretan. Ez dakit Eusko Jaurlaritzak ba ote dakien zenbat  langile geratuko diren langabezian, edota kontzialiazioa zer den. Erabaki hori betirako ez izatea espero dugu.

Martxotik denbora soberan zeukaten dana antolatzeko baina oporretan egon direla dirudi.  Penagarria da, benetan. 

"Enpresek musuko kirurgikoak bidali dituzte nahiz eta Eusko Jaurlaritzak esan FFP2 motako maskarak erabili behar ditugula"

Egoera hori ikusita, nola moldatu zarete jantokiak irekitzeko?

Eskola bakoitzak ahal izan duena egin du jantokiak zabaltzeko. Gela bakoitza “talde-burbuila” bat da. Horrek esan nahi du ezin garela nahastu gure artean, ez jantokian ezta aurretik edo ondorengo patioan ere.

Eskola batzuetan, jantokiaz gain, beste gela batzuk prestatu dira umeek jateko, horrek ekartzen duen lan-kargarekin: gela horiek muntatu behar dira egunero, haraino janaria eraman, zerbitzatu, jaso, garbitu eta desinfektatu. 

Beste aldetik, txandaka sartu behar gara jantokira, ez nahasteko. Bazkaltzeko denbora gutxiago egotea dakar horrek.

"Eskola batzuetan “talde-burbuila” bakoitzeko begirale bat egotea bermatzen da. Baina beste hainbat eskoletan, Eusko Jaurlaritzako ratio zaharkituak medio,  lan-kargak ere areagotu dira"

Eskola batzuetan “talde-burbuila” bakoitzeko begirale bat egotea bermatzen da. Baina beste hainbat eskoletan, Eusko Jaurlaritzako ratio zaharkituak medio,  lan-kargak ere areagotu dira, horrek dakarrenarekin: begirale batek talde bat baino gehiago izatea. Eskola batzuetan ezin dute jantokia zabaldu arrazoi horrengatik, ezin direlako burbuilak mantentzea bermatu.

Langileak atetik sartzen garenean gela bota eta tenperatura hartu behar dugu (37,1° edo gehiago badugu ezin gara sartu). Maskaren kontuarekin oso txarto gaude. Enpresek musuko kirurgikoak bidali dituzte nahiz eta Eusko Jaurlaritzak esan FFP2 motako maskarak erabili behar ditugula. Kontutan eduki behar dugu umeak jantokian daudenean maskararik gabe daudela, horrek guretzat dakarren arriskuarekin. Amantalak ere egunero aldatu beharko genituzke, baina pare bat ditugu orokorrean, iragan ikasturtekoak. Badirudi gure osasuna ez zaiela inporta. 

Zein da egoera Aiaraldean?

Aiaraldean, Euskal Herriko hainbat ikastetxetan bezala, zuzendaritzaren erabakiaren arabera (baina azken ardura Eusko Jaurlaritzarena dela kontuan hartuta) jantoki batzuetan begiraleren bat gehiago dago, baina ez dira burbuilak mantentzeko nahikoak. Beste batzuetan gutxiago daude, langile batzuk langabezian dauden bitartean. Zabalik dauden jantokiak prekarioak baziren orain askoz gehiago. Eusko jaurlaritza entzun gure hitza! inor ez duzula atzean utziko esan duzu eta!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide