Uriola bihurtu da Urduña "Alardea" telesailean

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urr. 24a, 08:00
Urduñako kaleetan grabatu dute telesaila, aurten. / Aiaraldea.eus

Urriaren hasieran hasi ziren emititzen ETB1 katean Alardea telesaila. Urduña da ikus-entzunezkoaren eszenatoki nagusia, eta euskal aktore ezagun ugari dira protagonistak.

Irun eta Hondarribitik Urduñara mugitu dute Alardea, telesail berri baten bidez. ETB1ean asteazkenero argitaratzen ari dira kapituluak, 22:30ean. Funtsean, urteetan zehar  tradizioak eta eskubide urraketak eragindako talkak ditu ardatz, Hondarribiko Alarde tradizionalaren eta parekidearen arteko gatazka pantailara ekarrita. 

Uriola izeneko fikziozko herria asmatu zuten horretarako, eta Urduñako kaleak bilakatu dituzte grabaketa toki. Hala, martxoan zein uztailaren amaieran aritu ziren hiri bizkaitarrean eszenak grabatzen. Aktore ezagun mordoa ari dira pertsonaiak ezaugarritzen. Horien artean daude Itziar Ituño, Kandido Uranga, Aizpea Goenaga, Sara Cortazar, Amancay Gaztañaga, Iñigo Aranburu edota Carmen Climent. Alabaina, zenbait eszenetan parte hartzeko urduñarrak ere lotu zituzten, horretarako kastinga egin ostean. 

Telesailak Uriolako emakumeen elkarteak herriko alardean gizonen pare ateratzeko borroka kontatzen du. "Erabaki horrek hankaz gora utziko du Amaiaren (Itziar Ituño) bizitza, taldeko kidea eta herriko haur eskolako irakaslea dena. Aitor senarra (Iñigo Aranburu) eta June alaba (Carmen Climent) alarde tradizionalaren aldekoak izanik, Amaiak ez du alarde mistoaren alde inplikatu nahiko. Egoera horretan bere ama Edurnerekin (Klara Badiola) elkartuko da berriro. Izan ere, ama-alabak aldendu egin ziren, Edurnek 25 urte lehenago alarde mistoaren aldeko borroka familiaren interesen gainetik jarri zuenean", azaldu dute sinopsian.

David Perez Sañudo da proiektuaren zuzendaria, eta K2000 ekoiztetxeak garatu du. Alabaina, Aiaraldeko zenbait kide ere aritu dira atzeko lanean. Esaterako, Mikel Ayllon idazle eta itzultzaile laudioarra da euskara zuzendaria, eta Nahia Iturralde arrankudiagarra filmaketa prozesu osoan zehar aritu da lanean, ikasketei segida emanez. 

Estreinaldia

Urriaren 7an estreinatu zuten telesaila, eta 57.000 lagunek jarraitu zuten emanaldia. Dena den, udazkenean zehar emitituko da, ez baita iraupen luzeko proiektua, "telesail txikia baizik". Hala adierazi dio Aiaraldea Hedabideari David Perez Sañudo zuzendariak: "Urduña da tokirik inportanteena telesail honetan, oso garrantzitsua izan da filmaketa prozesua. Oso berezia izan da guztia". 

Bereziaz gain, gorabeheratsu ere izan da.  Izan ere, grabaketak bete-betean jo zituen koronabirusaren pandemiak, eta lan-taldeko hainbat kide kutsatu ziren COVID-19 birusarekin. Ondorioz, filmaketa eten eta atzeratu behar izan zuten. 

Hain zuzen, Itziar Ituño aktorea bat izan zen gaixotuetako bat, eta Euskal Aktoreen Elkarteak adierazpena atera zuen langileen egoera salatzeko, tarte batez filmaketarekin jarraitu baitzuten. Alabaina, egoera zaildu eta udara arte itxaron behar izan zuten kamera eta aktoreen lanak bukatzeko. Hala, uztailaren bigarren hamabostaldian bilakatu zen berriro ere Alde Zaharra "Uriola". 

Zuzendariaren hitzetan, telesailaren mamia lokala baina unibertsala da: "Oso istorio feminista da, eta aukera polita iruditu zitzaigun Alardeari buruzko telesaila egitea". Foru plaza, Andra Mari plaza, kultur etxe zaharra, Kantarranas kalea...  Asko dira eszenetan ageri diren herriko guneak. "Oso polita da herria. Kaleak, eraikinak, ingurunea... Ondo profitatu ditugu filmatzeko". Zenbait kale moztu behar izan dituzte grabaketa garaian, baina urduñarren erantzuna eta harrera bikaina goraipatu du Perez Sañudok: "Auzokideak oso jatorrak dira, eta oso erraza bihurtu dute grabaketa".

Lantegi barruko zenbait pasarte, ordea, Laudioko pabilioi pribatu batean burutu dituzte. Horrenbestez, asterik aste telesailaren atal berriak plazaratuko ditu ETB1 kateko emanaldiak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide