Energia berriztagarriak ezartzeko pauso berria egin du Urduñako Udalak. Eguzki-plaken bidez funtzionatzen duten sei farola kokatu ditu tokiko erakundeak hiriko zenbait tokitan. 18.000 euroko inbertsioa egin du farolak erosi, zuloak eta enkofratua egin eta azpiegitura muntatzeko.
Honakoa ez da energia berriztagarrien alde Urduñan egiten den lehen ekimena. Maiatzean auto elektrikoentzako karga puntuak jarri zituzten Alondegiaren eta bainuetxearen arteko aparkalekuan. Azpiegitura horrek aldi berean bi ibilgailu hornitzeko aukera ematen du.
Horrez gain, LED motako argiteria jartzen ari da udala. Iaz egin zuten hirugarren eta azken fasea, eta etorkizunean ere horretan sakontzeko asmoa du tokiko erakundeak.