Espainiako Epaitegi Gorenaren erabakia Villalba de Losako auziari buruz "bidegabetzat" jo du Urduñako Udalak

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 16a, 09:52
Behiak Gorobelen, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Urduñako Udalak uste du epaia politikoa izan dela eta ez duela zentzurik liskar batek baldintzatzea bi udalerrien arteko mendeko harremana.

Urduñako abeltzainek ez dute eskubide legalik Villalba de Losako bazkak eta egurra erabiltzeko. Hori ebatzi du Espainiako Epaitegi Gorenak. Auzia 2015ean abiatu zen, eta Burgoseko epaitegietatik igaro eta gero, Espainiako Epaitegi Gorenera heldu zen. Bertako areto zibilean erabaki dute Urduñako abeltzainek ezin izango dituztela Dehesa del Agua, Los Valles eta Anzalón inguruetan dauden mendiak baliatu, Villalba de Losakoei bakarrik baitagokie eskumen hori eta.

Urduñako Udala "guztiz desados"

Juanjo Sanz Urduñako zinegotziak Aiaraldea Hedabideari adierazi dionez, Udala ez dago bat ere ados epaiarekin: "Epaitegi Gorenak aintzat hartu du azken hamarkadetan Urduñako abeltzainek ez dutela erabili eremu hori jurisprudentzia sortzeko, baina Urduñako abeltzainek 1961ean utzi zioten joateari Villalba de Losara liskar baten ondorioz, ez eurek erabaki zutelako. Indarrez uko egin behar izan zioten eskubide horri, liskar gehiago ez izateko".

Urduñako Udalak adierazi du dokumentazioa dagoela erakusteko herriko abeltzainek X. mendetik erabili dutela inguru hori

Urduñako ordezkariak ziurtatu du Dehesa del Agua, Los Valles eta Anzalóngo mendiak betidanik erabili dituztela urduñarrek bazkarako, eta eskubide hori kendu dietela: "Jesus Maria Garaio teknikariak egindako txostenak erakusten du X. mendean bazegoela harremana bertako bazkak eta egurra ustiatzeko, eta XV. mendetik akordioa zegoela horretarako. Egia da noizean behin liskarrak gertatzen zirela eta akordioak eta adostasunak lortu behar izan zirela; baina, esaterako, XIX. mendetik 1959ra bitartean etengabe igo ziren urduñarrak Villalba de Losara".

Eskubide hori legea baliatuta lapurtu dietela uste du Juanjo Sanz zinegotziak, eta erantsi du "erabaki politikoa dela": "Lur horiek ez dira Villalba de Losakoak. Urduñarrenak ere badira, euren herritik gertuago badaude ere. Espainiako epaitegiek ez dute hartuko Espainiako interesen kontrako erabakirik".

Horrez gain, Sanzek leporatu die Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari interes eta bitarteko gutxi jartzea epaiketan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide