Asteazkenera arte luzatu dute errefuxiatuen kanpalekuetarako arropa bilketa Urduñan

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 23a, 12:00
Azaroko lehen asteburuan hasi zuteb bilketa. / Antzinako Andra Maria Ikastetxea

Helduentzako txandal prakak jasotzen ari dira Antiguako elizan eta Antzinako Andra Maria ikastetxean. 

Asteazkenera arte -azaroak 25- luzatu dute Urduñako Aintzinako Andra Maria ikastetxean abiatutako arropa bilketa. Aita Mari salbamendu ontziko kideek abiatu dute dinamika. “DBH 2. mailako ikasleek garatu dute proiektua”, azaldu du Susana Harillo irakasleak, “irakasleetako baten lehengusua Aita Mari ontzian dabil, eta modu horretan sortu zen ekimenean parte hartzeko ideia”. 

Beste hainbat ikastetxek ere hartu dute parte egitasmoan. “Sarea” osatu dute guztien artean, eta zentro bakoitzak arropa zehatz batzuk biltzeari ekin dio. 400 “aita kit” sortzea da ekimenaren xedea. Mediterraneoan erreskatatzen dituzten pertsonei ematen zaie kit hori, eta ondorengo elementuek osatzen dute: motxila, txankletak, barruko arropa, kamiseta, txandal prakak, izerditakoa, oihala eta plastikozko edalontzia. 

“Guri helduentzako txandal prakak biltzea egokitu zaigu”, zehaztu du Harillok. Gauzak hala, jantzi mota horiek biltzeari ekin diote. Bilketa azaroko lehen asteburuan egitea zen hasierako asmoa, baina luzatzea erabaki zuten berehala, izan zuen harrera ikusita. Gauzak hala, asteazken honetara arte egongo da txandal praken dohaintzak emateko aukera. Bi bilketa puntu atondu dituzte horretarako: eskolan bat eta Antiguako elizan bestea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide