Arrakastatsua izan da Urduñako Antzinako Andra Maria ikastetxean abiatutako arropa bilketa. 300 txandal bildu dituzte guztira, eta atzo bidali zituzten Aita Mari salbamendu ontzira. “Aita-kitak” sortuko dituzte arropa horrekin eta beste ikastetxe batzuetan bildutako elementuekin, Mediterraneoan erreskatatzen dituzten pertsonei emateko.
Antzinako Andra Mariko kideak pozik azaldu dira ekimenak izandako harrerarekin. “Irakasle baten lehengusua Aita Mari ontzian dago, eta horrela sortu zen ekimenean parte hartzeko ideia”, azaldu du Susana Harillo irakasleak, “jasotako erantzuna oso positiboa izan da. Jende gehienak txandal erosi berriak eman ditu dohaintzan”.
Arropa bilketa ez da ikastetxera mugatu, Harillok nabarmendu duenez. “Sare bat osatu dugu, eta adingabeen zentroko gazteak bertaratu dira laguntzera, adibidez. Mendiko Lagunak taldeko kideek ere lagundu gaituzte, 300 kamiseta inguru emanda”.
