Argazkiak, komikiak eta musika. Hiru osagai horiek ardatz hartuta sortu du "Fomic" egitasmoa Iñigo Arrizabalaga Iturmendi komikigile eta musikariak. "Bilduma pribatua da nirea. Jende gazteari 80ko hamarkadan egiten zena erakustea da helburua. Garai hartan istorioak kontatzeko arte handia zegoen irudien bidez, gaur egun teknologia berrien agerpenarekin galtzen ari dena", azaldu du.
"Jende gazteari 80ko hamarkadan egiten zena erakustea da helburua. Garai hartan irudi bidez istorioak kontatzeko arte izugarria zegoen, gaur egun teknologia berrien agerpenarekin galtzen ari dena"
Urduñako Alondegian, Amurrioko La Casona eraikinean eta Laudioko Kultura Etxean izan ditu aurrez erakusgai urteetan zehar bildutako lanak. "Komikien sekzioan, 1.500 ale baino gehiago daude. Horri bideo edota zintak gehitzen badizkiogu... atera kontuak!". Artxibo handia badu ere, izenburu eta egileen arabera sailkatu ditu zerrendan sorkuntza piezak. "Horrez gain, irakurtzeko gunea jarri dut sarreran", erantsi du.
Erakusketa "bizia" xede
Martxoan abiatu zuen erakusketen zirkuitua, Arrizabalagaren esanetan; baina COVID-19 pandemiaren ondorioz, eten egin zitzaion bidea. "Oso eskertua nago horrelako aukerak emateagatik, hala ere. Pena ematen dit teobeoteka baldintza hauetan egiteak, musika edota garagardorik gabe; baina hori da garaiotako baldintza". Proiektu artistikoek oso indartsu edo ahul bilakatzen du sortzailea, Arrizabalagaren ustez, "berregokitu egin behar da uneoro bat, baina etorkizunean 'Fomic' proiektuaren baitan bestelako jarduerekin osatzea gustatuko litzaidake: kontzertuekin eta abar".
Komikiekiko zaletasuna txikitatik datorkio: "Lehen paperean zegoen dena. Marrazteko arazoak nituenez, komikietarako gidoiak egiten hasi nintzen marrazkilariekin". Tebeotekaren baitan, Arrizabalagaren zenbait lan daude ikusgai; irabazitako sariak, mexikarrekin egindako elkartrukeak eta abar luze bat. Hainbat marrazki eta garaietako istorioa da, beraz, Fomic proiektuarena.