Datorren asteburuan egingo da Urduñako Aste Musikalaren 9. edizioa. Hasieran bertan beheran geratu zen ekimena. Izan ere, ezin zen egitarauaren barruko ekintza nagusietako bat -Poteo musikala- egin, taberna eta jatetxeak itxita zeudelako. Gauzak hala, ekimenaren formatua moldatu dute Liborio Kolektiboko kideek, Urduñako Udalarekin elkarlanean.
Eskola publikoko patioan egingo dituzte emanaldiak. Pertsona kopuru mugatua egon ahalko da eta derrigorrezkoa izango da maskara uneoro jantzita eramatea. Kontzertuez gozatu nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena, Alondegian.
Ostiralean -abenduak 18- Siroka eta Voltium taldeak igoko dira oholtzara, 18:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren. Larunbatean, aldiz, Sobrino Sobrado eta Gwa Ya taldeek joko dute, ordutegi berdinarekin.
Hainbat estilotako musika taldeak dira, baina denek dute gauza bat komunean: Urduñako musikariez osatuta daudela nagusiki. Gauzak hala, tokikotasun kutsu handia izango du aurtengo aste musikalak.