IBILIAN

Txolope eta Txarlazo, bide bereko bi gailur

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 10a, 11:00

Urduñako Santutegitik igotzen da Txarlazo eta Txolopera. Gorobeleko mendizerratik bete-betean ikusten dira Urduña eta Arrastaria.

Amabirjinaren monumentuak egin du ezagun Txarlazoko tontorra. Urduña ikusten da bertatik, eta ordubete inguru behar da tontorrera iristeko. 933 metrora dago mendia eta ermita bat du gailurrean. Hain zuzen, 1946. urtean eraiki zen, monumentua egin zenetik 42 urtera. Izan ere, 1904. urtean osatu zuten zuhaitz adarretan sustraitutako Ama birjinaren eskultura. Ezaugarriei dagokienez, 25 metroko altuera du monumentuak. 

Igoera polita bezain erraza da, adin eta sasoi fisiko orotarako egokitua. Ibilgailua Urduñan utzi daiteke, edota Antzinako Santutegiko aparkalekuan. Azken urteetan, gainera, seinaleztatu egin dute bidea, eta aparkaleku propio bat egokitu dute bidearen hasierako zelaigunean. 

Hala, zigi-zagaka altuera hartzen joango da bidaidea, basoa zeharkatuz, Gualdetxuko iturrira iritsi arte. Hortik oso gutxira estutu egiten da bidea, eta hesi bat dago. Bertatik ezkerretara eginez gero, Txarlazora joaten da; eta, eskumako bidea hartuta, Txolopera. 

Txolope, Txarlazoren ezker beso

Aldapa motza eta ikuspegi zabala dira Txolopeko ezaugarrietako bi. Txarlazo behealdean utzita, Arrastaria, Urduña eta Aiarako lurrak bistaratzen ditu. Gorobelen ertzetik doa ibilbidea, eta Txolopeko aterpea du gordeta, besteak beste. Hala ere, egun hesitua dago, eta ezin da sartu. 

Txarlazo ezkerrean utzita, 20 minutu inguru behar dira Txolopera iristeko. 1.027 metro ditu, baina txikiena ere handi sentiarazten duen toki horietako bat da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide