Erakusketa berezia atondu du Iñigo Arrizabalagak Urduñako Salazar estankoan. Establezimenduko erakusleihoa hornitu du artistak: bere azken bi proiektuen -Fomic eta TeBeOteka- elementuak jarri ditu bertan, “eskala txikian”. Argazki, komiki, musika eta artisautza objektuak jarri ditu ikusgai, bertatik igarotzen den bizilagun ororen bistara.
“Oso dibertigarria izan da ekimena prestatzea”, azaldu du Arrizabalagak, eta eskerrak eman nahi izan dizkie Marga eta Nekaneri, egitasmoa garatzeko aukera emateagatik.
Proiektu gehiago
Sortzaileak aurreratu du beste proiektu batzuk ere dituela esku artean. Atrevete kanta grabatu du Sobrino Sobrado taldearekin. Asasam elkarteko erabiltzaile batek idatzi du kantaren letra, Amaia Santosek. “Joserra Azkue musikariak lagundu digu grabaketan eta Jose Ramon Gomez gidoilari eta bideogile urduñarrak lagunduko digu bideoklipa egiten".
Horrez gain, musikari eta komikiei buruzko hitzaldi-ziklo bat ere antolatu nahi du Arrizabalagak, “etorkizun hurbilean”.
“Ilusioa ez galtzea” da garrantzitsuena eta beharrezkoena, artista urduñarraren aburuz; “gauzak egiten jarraitzea eta bakoitzak bere onena ematea, hain garai nahasietan, batez ere”.