6,6 milioi euroko aurrekontua onartu du Urduñako Udalak, iazkoa baino 177.218 euro txikiagoa

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 18a, 07:00

Aurrekontuak aurkezteko bilera irekia egin zuen udalak iragan astean. / Urduñako Udala

Atzo onartu zen plangintza ekonomikoa Udal Osoko Bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. 

6.685.050,32 euroko aurrekontua izango dute aurten Urduñako Udalak eta bere bi sozietateek, iaz baino 177.218,32 euro gutxiagokoa. Atzo eguerdiko plenoan onartu zen plangintza ekonomikoa, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. 

Udalak 4,8 milioi euro baliatuko ditu guztira. 1,2 milioi euro bideratuko dituzte langileen gastuetara eta beste 2,2 milioi ohiko gastuetara eta kontratatutako zerbitzuetara: zabor-bilketa, bideen eta barnealdeen garbiketa, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, Alondegia, arkitektura-zerbitzuak, udal-sukaldaritza eta abar. 

Iaz baino inbertsio gehiago

Udal gobernuaren arabera, 2021a “urte garrantzitsua” izango da, “udalerriko estrategiaren plangintzari” begira. “2020an baino inbertsio handiagoak egingo dira, 298.875,32 eurokoak guztira”. Hiru proiektu nagusi zerrendatu dituzte:

  • Maria Dolores Madaria auzoan egokitzapen-lanak egingo dira.
  • Saneamendu lanak burutuko dira. 
  • Harresiaren inguruko ondarea berreskuratuko da. 

Beste inbertsio txikiago batzuk ere barnebiltzen ditu aurrekontuak: “Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, tokiko ibilbidetan seinaleak jartzea eta autokarabanen aparkalekuko ur-hornidura hobetzea”. Eusko Jaurlaritzak edota Aldundiak emandako diru-laguntzekin egingo dira ekimen horietako batzuk. 

Iaz baino diru gehiago bideratuko du udalak inbertsioetara, Udalkutxatik diru gutxiago jasoko duen arren

Murrizketak eta zorrak

Inbertsioak inbertsio, udalak gogorarazi du “egoera ekonomikoa zaila” dela, eta 328.147 euro gutxiago jasoko dituela Udalkutxatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-funtsetik. Gainera, hainbat zor dituela gogorarazi du tokiko erakundeak: 105.000 euro zor dizkio Kutxabanki 2005 eta 2004 urteetan eskatutako maileguengatik eta Urduñederra sozietate publikoak  134.143,56 euroko zorra du pilatuta. Horrez gain, 44.352 euroko beste zor bat dago, hiriko argiteria LED bihurtzeko 2016an eskatutako maileguarengatik sortuta. “Ordaindu gabeko kreditu horiek guztiak kontuan hartuta, 2021. urtean zehar 289.761,14 euro ordaindu beharko ditu Urduñak”, nabarmendu du tokiko erakundeak. 

Gauzak hala, aurrekontuak “zuhurtziaz” egin direla jakinarazi du udalak, gauza asko Urduñatik harago doazen erakundeen menpe daudelako. “Hala ere, urtean zehar aurrekontua aurrera doan heinean, aldaketak egingo dira aurreikusi ez diren hainbat proposamen sartzeko”. 

Sozietateen aurrekontuak

Urduñako Arkupea S.L. sozietateak  2.055.641 euroko aurrekontua izango du: 1.464.427,00€ langile-gastuetarako eta 577.514€ gastu arruntetarako zein erosketetarako. 1,6 milioi euroko diru-sarrerak lortzea aurreikusi du enpresak, egoitzako zein eguneko zentroko zerbitzuen bidez. Udalak, bere aldetik, 250.000 euroko ekarpena egingo dio sozietateari, azpiegituretan hobekuntzak egiteko eta COVID-19aren pandemiak eragin ditzakeen gastuei aurre egiteko. 

Urduñederra S.L. enpresak, bere aldetik,  466.087,80 euroko aurrekontua izango du, eta horietatik  134.143,56 euro erabiliko dira Kutxabankekin duen zorra ordaintzeko. 

EAJren abstentzioa

EAJ abstenitu egin zen aurrekontuen bozketan. Alderdi jeltzaleak hainbat proposamen egin zituen. Gizarte-larrialdietarako laguntzetara 100.000 euro bideratzea planteatu du oposizioko taldeak, iaz partida hori 86.467 eurokoa zela eta eta azkenean diru gehiago gastatu zela argudiatuta. Beste hainbat ideia ere jarri dituzte jeltzaleek mahai gainean: merkatariei laguntza zuzenak emateko partida jartzea, elikagai bankura bideratutako dirua hirukoiztea,  20.000 euro baliatzea ostalarien eta merkatarien modernizazioa sustatzeko, Hirix plataformara 4.000 euro gehiago bideratzea eta eraikin publikoetan energia alternatiboetako sistemak jartzea, besteak beste. 

Gazteen emantzipazioa ere izan du hizpide EAJk hedabideei zabalutako oharrean. Jeltzaleek azaldu dute diru-laguntzak ematea proposatu zutela iaz, eta udalak ideia onartu eta 10.000 euroko diru partida sartu duela aurtengo aurrekontuetan. Hala ere, oposizioko taldeko kideek uste dute diru kopuru hori txikiegia dela eta diru-laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak “zorrotzegiak” direla. Gauzak hala, laguntza sistema eskuragarriagoa eta oparoagoa izatea eskatu dute. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide