IRATI RODRIGUEZ

"Nire margolanak oso pertsonalak dira, momentuan sentitzen dudana transmititzen saiatzen naiz"

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ots. 25a, 07:00

Bere artelanak ikusgai jarri ditu Irati Rodriguezek Mahor liburudendan. / Aiaraldea.eus

IRATI RODRIGUEZek (Urduña, 1986) urteak daramatza margolanak egiten. "Luma" da bere izen artistikoa, eta egindako zenbait koadrorekin erakusketa osatu du Urduñako Mahor liburudendan.

Noiztik duzu margotzea afizio?

Gazte gaztetatik. Aita margolaria da ere. Ez du inoiz erakusketarik antolatu baina betidanik marraztu izan ditu koadroak. Etxea aitak egindako artelanez beteta izan dugu beti. 
Nik uste hortik datorkidala zaletasuna. Halaber, oso estilo desberdinak izan ditugu beti. Aitak oso marrazki zehatzak egiten ditu, paisaiak milimetrikoki erreproduzitzen ditu. Nireak, ordea, askoz abstraktuagoak dira, kolore eta forma desberdinak nahastuz.

Mahor liburu-dendan jarri duzu erakusketa. Zure lehenengo erakusketa da?

Ez, bigarrena da. Duela bi urte Alhondegian antolatu nuen erakusketa bat, hori izan zen lehenengoa. Ez nengoen batere ohituta nire koadroak jendaurrean erakustera, baina esposaketa bat ikusi nuen bertan eta nik ere jar nezakeela pentsatu nuen. Alhondegiko arduradunarekin hitz egin eta animatu egin nintzen.

Jende asko harritu egin zen, ez zekiten marrazten nuenik, nik nahiko ezkutuan eraman baitut zaletasuna. Nire margolanak nahiko pertsonalak dira, lotsa puntu bat ematen zidan publikoki aurkezteak. Inaugurazio eguna egin genuen Alhondegian, eta biluzik egongo banintz bezala sentitzen nintzen.

"Denborarekin aldatzen joan naiz estiloa. Hasieran koaderno batean margotzen nuen errotulagailuak erabilita; orain akuarelak oleoak eta margo akrilikoak erabiltzen ditut ere"

Zer nolako estiloa duzu?

Esan bezala oso margolan pertsonalak dira. Momentuan sentitzen dudana transmititzen saiatzen naiz. Gainera, zenbait koadrorekin batera, testu edo poesia bat idazten dut, koadroak sentiarazten didana plasmatuz.

Estiloari dagokionez, aldatzen joan naiz denborarekin. Hasieran koaderno batean margotzen nuen, errotulagailuak erabilita eta gutxika joan naiz geroz eta tamaina handiagoko lanak egiten. Orain akuarelak eta oleoak ere egiten ditut.

Zenbat koadro ekoitzi dituzu guztira?

Auskalo! 50 baino gehiago ziur! Boladaka gehiago edo gutxiago egiten ditut. Nire bi semeak txikiak zirenean gauez asko margotzen nuen, loaren erritmoa zeharo aldatuta neukan, eta gaua zen nire inspirazio momentua. Sei hilabete igaro nituen etengabe margotzen. Konfinamenduan zehar ere asko egin nuen.
Koadroak egiteko behar dudan denbora ere oso aldakorra da; batzuk egun bakarrean, beste batzuk asteetan zehar luzatzen zaizkit.

Nondik dator "Luma" izena?

Alhondegiko erakusketarako izen artistiko bat bilatu behar nuen. Nire bi semeak Luken eta Martin deitzen dira, eta beraien omenez sortu nuen pseudonimoa, bi izenak elkartuta.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide